- (Liga Federala)
Nafarroa eta Bokale helburuetatik gertu daude
·Angeluk galdu egin zuen, eta Maulen partida ez zen jokatu
DONOSTIA
Liga Federalean Bigarren Mailan dabiltzan euskal talde guztiek asko zuten jokoan, eta orokorrean emaitzak ez dira txarrak izan.
Maulek Hagtemaun jokatu behar zuen norgehiagoka ezin izan zuen jokatu, elurrak ez baitzuen utzi, zelaia erabat zurituta zegoen-eta. Hala eta guztiz ere, zuberotarrak multzoko sailkapeneko lehen postuan jarraituko dute.
Seigarren multzoan, Nafarroak eta Bokalek irabazi egin dute, eta igoera fasea jokatzeko helburua gero eta gertuago dute. Angeluk, berriz, galdu egin du, eta mailari eustea gero eta zailagoa dauka.
Bokalek etxean Stade Lagonnais taldea hartu zuen, eta 28 eta 18 irabazi zuen, partida estu baten ostean. Demeyerek, Hausegik eta Nerinek entsegu bana egin zuten, eta Nerinek bi transformazio eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen.
Nafarroak ere garrantzi handiko garaipena eskuratu zuen, 3 eta 20 Bergeracen. Gorri-horiek oso neurketa serioa egin zuten, eta horri esker puntuak besapean hartuta etxeratu ziren. Entsegu bakarra egin zuten, eta hori zigorren eskutik etorri zen. Amestoik hiru zigor-kolpe egin zituen, eta Zelanek bi drop gauzatu zituen.
Angeluk, berriz, norgehiagoka eskasa egin zuen, baita horren ordaina jaso ere, 18-0 galdu baitzuten Bazasen. Talde bat puntu bat bera ere egiteko gai ez denean, dena esana geratzen da. Sailkapenean, Bokale multzoko lehen postuan jarri da, 36 punturekin. Nafarroa hirugarren dago puntu kopuru berarekin, eta Angelu azken bigarren, 25 punturekin.
Hirugarren Maila
Hirugarren Mailan, euskal derbi bat jokatu zen Donapaleun, bertako taldearen eta Mugerreren artean. Azkenean, garaipena Nafarroa Beherean geratu zen, Donapaleuk 18 eta 6 irabazi zuen. Lau zigor-kolpe egin zituen Frantxistegik, eta Escondeurrek eta Labordek drop bana egin zuten. Beste emaitzak hauek izan ziren: Larresoro 6 / Parentis; Hendaia 16 / Bardoze 10 eta Saint Medard 30 / Senpere 5.
Cote Basque-Landes Ligako Ohorezko Mailan, AS Baionakoak 22-3 irabazi zio n Uztaritzi. Laskubek eta Sabarotsek entsegu bana egin zuten, eta Agerrek hiru zigor-kolpe gauzatu zituen; Vidalek drop bat egin zuen. Hazparnek 40-0 irabazi zion Potilloni, eta 37-17 Azkainek Campeti.
|