Lakua: «Ergelkeria politikoa da Otegi espetxeratzea»
·Elkarrik, EBk eta Aralarrek ere atzerapauso modura hartu dute Marlaskaren auzipetzea
Batasuneko mahaikide Arnaldo Otegiren aurkako espetxe eskaeraren aurka, eta ezker abertzaleko beste bost kideren auzipetzearen aurka, agerraldi ugari izan dira. Lakuako Gobernuak «ergelkeria politiko» gisa jo du hura, eta Elkarri, EB eta Aralar ere aipatutako ekinbidearen aurka azaldu dira.
GASTEIZ
«Zentzugabekeria juridikoa eta ergelkeria politikoa da eztabaida prozesuko mintzaidea espetxeratzea, eta etengabeko konfrontazioa eta tentsioa sortzea», esan zuen atzo Lakuako Gobernuko bozeramaile Miren Azkaratek, Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikidearen aurka Estatu espainoleko Fiskaltzak eginiko espetxeratze eskaera hizpide. «Batasuna eta Otegi beharrezkoak dira bake prozesua ehuntzeko», esan zuen Elkarrik, eta Ezker Batua eta Aralar ere ildo berean mintzatu ziren. Azkaratek, Otegiren aurkako kartzela eskaera «ergelkeria politiko» gisa jotzeaz beste,Batasunarekin interlokuziorako bideak irekitzearen aldeko deia egin zuen. «Guztiok jabetu gara benetan prozesuari ekin nahi bazaio, interlokuzio bideak ireki behar direla, eta horretarako, halabeharrez, Batasunarekin interlokuzioak izatea beharrezkoa da», esan zuen Gobernuko bozeramaileak. «Otegi ezker abertzaleko buru gailenetakoa da», gaineratu zuen. Fernando Grande-Marlaska epailearen eta Estatuko fiskal nagusiaren ekinbideez ere hitz egin zuen Azkaratek. «Alderdi gehienek hitzez eta argiro eztabaida prozesua eta bestelako klima politikoa lortzearen alde» egin duten egoera honetan, aipatutako ekinbideek ez dute, bere aburuz, laguntzen.
Ideologiak ez kriminalizatzea Horregatik, «etengabean antolatu nahi duten nahastearen zeremonia» horretan ez duela parte hartuko nabarmendu zuen Lakuako bozeramaileak. Elkarri «oso kritiko» agertu zen mahaikidearen aurkako espetxeratze eskaerarekin. Jonan Fernandezen esanetan, «bake eta normalkuntza prozesuak guztion partaidetza» behar du. «Guztiak behar ditugu eta guztiok gara beharrezkoak. Batasuna eta Otegi bake prozesua eratu eta ehuntzeko beharrezkoak dira», esan du. Patxi Zabaletak, Aralarreko koordinatzaileak, elkartasuna adierazi zien Arnaldo Otegiri eta Marlaskak auzipetu dituen beste bost kideei. Eztabaida politiko eta ideologikoak «ez kriminalizatzeko» eskatu zuen. «Gure nahia, pertsona horien egoeraz beste, herenegun Batasuneko beste bozeramaile batek esan bezala, prozesu baterako dauden edo egon daitezkeen aukerak gauzatu eta aurrera jotzea da», esan zuen Aralarreko buruak. EBko Mikel Aranak hauxe esan zuen: «Otegiren aurkako auzia eta kale borrokako ekintzak atzerapausoak dira bakea lortzeko bidean». PSOE eta Batasunari eskatu zien euskal jendartearen nahia entzuteko.
«Ez da mintzaidea PSOErentzat», esan du Jose Blancok
GARA
MADRIL Grande-Marlaskak ezker abertzaleko sei kideren aurkako auzipetzea ireki eta Fiskal- tzak Arnaldo Otegiren espetxeratze eskaera berretsi zuenean, gatazkaren konponketari dagokion prozesu politikoaren «ezinbesteko hizketakidea» espetxeratzea prozesuaren aurkako ekintza zela salatu zuen Batasunak. PSOEk, aldiz, Arnaldo Otegi ez dela eurentzat «mintzaide» esan zuen atzo, haren hitzetan, biolentzia ez duelako kondenatzen. «PSOErentzat ez dago mintzaide baliodunik biolentzia kondenatzen ez dutenen artean, ez eta talde terroristari armak uzteko eskatzen ez diotenen artean», adierazi zuen PSOEko Antolakuntza idazkari Jose Blancok, espresuki mahaikidearen gainean hitz egitean. Gainera, adierazi zuen Auzitegi Nazionalak Otegi deklaratzera deitu izana «errespetatzen» duela, bai eta bere gain har dezakeen erabakia ere. «Azken horrek legea ez badu bete, Justiziak ekiteko bere mekanismoak ditu», argudiatu zuen. Batasuneko mahaikidea espetxeratzeko aukerez galdetzean, hala erantzun zuen: «Zuzenbide Estatuak Batasunaren aurrean amore ematea ezin daiteke posible izan politika egitean. Kontrakoak izan behar du; Batasuna da Zuzenbideko Es- tatuaren aurrean amore eman behar duena politika normaltasun guztiz egiteko», gehitu zuen Blancok. PSEko idazkari nagusi Patxi Lopezek ere hitz egin zuen Arnaldo Otegiren egoeraren inguruan, eta bere alderdiak Justizia espainolak erabakitzen duena «bete» egiten duela esan zuen. «Epaile bilakatzen diren politiko gehiegi» daudela ere aipatu zuen, «beren adierazpenekin Justizian eragin nahi dutenak». «Alderdi sozialistak egingo ez duena da Zuzenbide Estatuari zilegitasuna kentzea xede duen jokuan sartzea», gaineratu zuen.
|