GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-03-15
Telesforori «hilik ere beldur» ziotela agerian utzi zuen Poliziak orain 25 urte
Euskal Herria askatzeko ezinbestekotzat jotzen zuen abertzaleak batzea. EAJko ministro izatetik HBko mahaikide izatera iritsi zen Telesforo Monzon bergarar abertzalea, koherentzia politikoari segitzen. Gaur 25 urte zendu zen militante abertzalea, eta hil eta gero ere Polizia espainolak eraso zion.

Hilik ere beldur diote Monzoni». Hori esan zien 1981eko martxoaren 11n hernaniarrei Herri Batasuneko alkate Juan Jose Uriak, Euskal Herriko beste hainbat udalerritan bezala, Telesforo Monzon abertzale historikoaren heriotzarengatik eta indar armatu espainolen oztopoengatik antolatu zuten herri batzarrean. Izan ere, Bergarako Olaso etxean sortu zen HBko parlamentari eta abertzale historiko Telesforo Monzon bi egun lehenago zendu bazen ere, haren gorpua sorterrira, Bergara, itzultzeko unean Indar Armatu espainolek hura bahitu baitzuten. Ibilbidean, aurrez ikusita bezala, euskal herritarrek gorazarre egitea ekiditeko asmoz.

Aste batzuk lehenago, Monzon bihotzeko arazoengatik ospitalean egon zen, eta azke- nean, 1981eko martxoaren 8ko gauean berriro erietxera eraman zuten, Baionako Grenet ospitalera, bihotzeko ezintasuna zela-eta. Astelehen eguerdian, hilak 9, bihotzekoak eman zion, eta eutsi ezinik, 17.00etan zendu zen Bergarako militante abertzalea. 1904an jaio zen, eta Francoren diktaduran, erbestean, Agirre lehendakariaren ministro izan zen. 60ko hamarkadan, berriz, armak eskuan Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan ibili ziren belaunaldi zahar eta berrien arteko ezinbesteko zubia izan zen Telesforo Monzon. Hori aipatu zuten 1981eko martxoaren 9ko albistea jakin bezain laster haren izena goraipatu zuten erakunde, mugimendu politiko eta pertsona ezagun ugarik. Edonorekin elkarrizketan aritzeko abertzale diplomatikoa omen zen, Euskal Herria askatzeko abertzaleen arteko batasuna aldarrikatzen zuena, berak bultzaturiko Txibertako eztabaidetan argi gelditu zen bezala: Abertzaleen arteko Frontea osatzea zen helburu orduan.

Bergarako semearen bizitza borrokaldi luzea izan zen, eta bere heriotza ere borrokaldi bilakatu zen agintari espainolek ezarritako oztopo eta debekuak igaro behar izan baitzituen.

Baionako Grenet ospitalean zendu zen Telesforo Monzon 1981eko martxoaren 9an. Arratsalderako, Baionatik Donibane Lohizunera eraman zuten Monzonen zerraldoa; hain justu, Mende Berri etxera, azken urteetan erbestean bizi izan zen etxera. Nafarroako bandera, ikurrina eta Monzonek beti berekin izan zuen makila izan ziren gorpuaren alboan, poliki-poliki agurtzera joan ziren euskal herritarrez gain.

Giltzak desagertu

Hilaren 11n ­asteazkena­ utzi zuen atzean, azken aldiz, Telesforo Monzonek Donibane Lohizuneko etxea. Zokoarantz abiatu zen 15.30 pasatxo xingoladun ikurrinarekin Monzonen gorpua zeraman furgoneta, bai eta hasieratik kasik kilometro batera iristen zen auto ilara. Meza egin zioten Zokoako elizan, eta apaiz gazteek ere “Eusko gudariak” abestuz agurtu zioten. Orduan ekin zion Monzonek sorterrirako bideari.

Monzonen gorpua zeraman taldeak Zokoatik Irunera bidean egin zuen topo Polizia espainolak ezarritako kontrol itzelarekin. Ordurako batetik bestera zebilen Guardia Zibilaren helikopteroa eta Irundik Bergarara bidean autobideko sarrera-irteera guztietan ere kontrolak ezarri zituzten, inork gorpua pasatzean agurtu ez zezan. Ezina ekinez egina.

Izan ere, Biriatuko polizi kontroleanHBko hainbat mahaikidek poliziakideekin hitz egiten zuten bitartean, Bergarako abertzalearen gorpua zeraman ibilgailuak beste bide bat hartu zuen, bertan elkartu ziren iheslari ugarik azkenekoz “Eusko gudariak” abestu eta gero.

Oztopoa saihestuta, Irungo erdigunean barrena Lezora iritsi zen abertzale historikoaren gorpua. Errenterian eginiko omenaldia lehenetarikoa izan zen Hego Euskal Herrian. Pasaiara sartzear zenean,Telesforo Monzonen gorpua bahitu zuten, kostata, Indar Armatu espainolek.

Gobernu espainoleko Gipuzkoako ordezkaritzaren aginduak zirela argudiatuta, Polizia espainolak esan zuen Telesforo Monzon herriz herri agurtzeko HBk egindako deialdia galarazi behar zutela. Polizia espainolarekin eztabaidan ari ziren bitartean, Monzonen gorpua zeraman ibilgailuko giltzak desa- gertu ziren, eta poliziakideek furgoneta bat eraman behar izan zuten. Baina alferrik. Bigarrenez, Polizia espainolaren furgonetako giltzak desagertu baitziren.

Poliziakide espainolek egindako oldarraldian Monzonen emaztea eta anaia astindu zituzten. Bigarren furgoneta ekarri zuten poliziakideek, bai eta bi tanketa ere. Maria Josefa Ganuza Monzonen emaztea, Isidro Monzon anaia eta Periko Solabarria HBko mahaikide eta laguna joan ziren Monzonen gorpuarekin furgoneta barnean Bergararaino, Pasaian eta batik bat Donostian izan ziren kale istilu galantak atzean utzita.

Retolaza, «non grato»

Autobideko sarrera-irteera guztiak poliziakidez josita egon arren, mendi magaletatik agurtu zuten herritarrek Monzon Bergara bidean. Poliziaren okupazio itzelarekin, bi tanketak aurrean eta atzean zituela iritsi zen Telesforo Monzonen gorpua sorterrira, Olaso etxera.

Bertatik deitu zion jarraian Maria Josefa Ganuza alargunak orduko lehendakari Karlos Garaikoetxeari arratsaldean bizi izandako «iraina» salatzearren, bai eta Gasteizko Gobernuko Barne Saileko arduradun Luis Maria Retolazari «persona non grato» zela-eta hurrengo egunean izango zen hileta ekitaldira ez joateko eskatzeko. EAJko buru Xabier Arzalluz ere, elkartasun ekintza moduan edo, ez zen Bergarara bertaratu hurrengo egunean.

Martxoaren 12an, ostegu- nean, jendez lepo esnatu zen Bergara. Izan ere, goizean goizetik hasi baitziren iristen euskal herritarrak militante abertzale historikoari azken agurra emateko. Orotariko herritarrak, gainera; heriotza zela-eta pertsona ugarik eta desberdinek sumatu zuten Monzonen galera, eta adierazpenak egin zituzten: ETA (m), KAS, EAJko hainbat kide eta sektore, LKI, Bereziak, LAIA, EMK, PSAN, Movimiento Comunista, ELA, Euskadiko Ezkerrako kideak, Liberacion Andaluza...

Arratsalderako milaka lagun zegoen Bergarako kaleetan. Sendiak eskatuta, arrano beltza edonon ikus zitekeen. Bestetik, herriko karriketan jarritako bozgorailuetatik Monzonek idatzitako abesti aski ezagunak entzun zitezkeen: “Itziarren semea”, “Batasuna”...

Poliziakideak ez ziren agertu hileta egunean. Herriaren kanpoaldean gelditu ziren. Bergarako San Pedro parrokiak sekula izan zuen hileta jendetsuena izan zen martxoaren 12 hartan. Amaitzeko “Agur jaunak” eta “Eusko gudariak” abestu zituzten elizan. Azken agurra, ehunka ikurrina eta arrano beltzen artean, euskal herritarrek hilerrira bidean egin zioten, milaka eta milaka ukabil eta eztarri baturen babespean.

«Aupa, gizona, jaiki mutil! atzar emazte ta neskatil! Borrokarako dei eginaz irrintzi bat dabil! Euskal Herria diagu zai, presoak eta hilak ere bai, abertzale izanez gero gaur, gauden denok anai!». 25 urteren ostean, haren lanak, esanek eta aurreikuspenek indarrean diraute. -

BERGARA



Monzonek idatzitako abestiak eta nafarroako bandera ugari
Ondare kultural eta politiko emankorra eta esanguratsua utzi zuen EAJko kide ohi eta HBko parlamentariak. Bergarako herriari utzi zizkion, esaterako, berak idatzitako eta Euskal Herrian, egun ere, aski ezagunak diren abestiak. Besteren artean, “Itziarren semea”, “Aupa gizona”, “Lepoan hartu eta segi aurrera”, “Bai euskarari”, “Aita gartzelan duzu”... Gainera, antzerkia eta poesia landu zituen, bai eta idazki politikoak egin ere.

Abesti horiek entzun eta abestu zituzten milaka eta milaka herritarrek Bergaran, 1981eko martxoaren 12an han egin hiletan. Nafarroako bandera eta arrano beltzak ere edonon ikus zitezkeen. Trantsizio garaian Nafarroa alboratu izana gogor salatu zuen bergararrak, eta batik bat EAJri, bere alderdi izandakoari, saldukeria egotzi zion.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La UE despeja el camino a los tanques
Jendartea
Ehun hildakoren muga pasatu du birusak
Jendartea
El alcalde de Burlata pregunta «por qué no se avisó de la crecida a los vecinos»
Euskal Herria
Batasuna considera que PNV y PSOE están buscando «debilitar a la izquierda abertzale»
Euskal Herria
Telesforori «hilik ere beldur» ziotela agerian utzi zuen Poliziak orain 25 urte
Ekonomia
El tabaco y las rebajas frenan el incremento de precios en febrero y dejan el IPC en el 4%
Mundua
Hallados los cadáveres de 85 personas en Irak
Mundua
Los Milosevic tratan de forzar su funeral «con todas las garantías» en suelo serbio
Kirolak
«Dar consejos a Eulate... pero si él lleva más años en profesionales»
Mundua
El Ejército israelí asalta y destruye la cárcel palestina de Jericó
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea