Hizkuntzen Europako Ituna aplikatzea eskatu du Behatokiak Madrilen
Hizkuntz Eskubideen Behatokia, A Mesa pola normalización Lingüística eta Observatori de la Llengua Catalana zenbait alderdirekin bildu ziren atzo Kongresu espainolean, Madrilgo Gobernuari Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren bidez hartutako konpromisoak bete ditzala eskatzeko. Erakunde bakoitzaren ordezkariek euskara, katalana eta galegoaren egoera azaldu zien CiU, IC-V, PSC, EAJ, BNG, ERC, EA eta NaBai alderdi politikoei.
MADRIL
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta galizieraren eta katalanaren aldeko erakundeek, A Mesa pola Normalización Lingüística-k eta Observatori de la Llengua Catalana-k, hurrenez hurren, Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren gomendioak bete ditzala eskatu zioten atzo Gobernu espainolari. Horretarako, euskal, galiziar eta katalan hiztunen hizkuntza-eskubideak bermatzeaz arduratzen diren hiru erakundeen ordezkariak CiU, IC-V, PSC, EAJ, BNG, ERC, EA eta NaBai alderdi politikoekin bildu ziren Kongresu espainolean.Hiru erakundeen ordezkariek euren egoera azaldu zieten ordezkari politikoei. Horrela, Paul Bilbao Behatokiko zuzendaria Euskal Herriko hizkuntza-eskubideen izenean aritu zen, eta Nafarroaren «egoera berezia» nabarmendu zuen. Herrialde horren eremu euskaldunaren, ez-euskaldunaren eta mistoaren antolamendua gaitzetsi zuen Bilbaok, eta administrazioak Nafarroa eskualdeka banatu izanak ez duela lo- gikarik ziurtatu zuen. Europako Kontseiluaren Adituen Batzordearen txostenak nahiz erakunde beraren Ministro Batzordearen gomendioek gai hori aipatu dutela gogoratu zuen Behatokiko zuzendariak. «Kasu bietan euskal hiztun gehien dauden eskualdean euskara ofiziala ez izatea ulergaitza dela aitortu dute», nabarmendu zuen. Euskararen egoerarekin jarraituz, Estatu espainolaren Administrazio orokorrean langile euskaldun gehiago egotearen beharra Europako Kontseiluak berretsi duela ere azpi- marratu zuen Bilbaok, eta Justiziaren alorrean hartutako hamahiru konpromisoetatik Administrazioak bi bakarrik bete dituela argitu zuen. Observatori de la Llengua Catalanaren koordinatzaile Josep Romeuk Adituen Batzor- deak esandakoa gogora ekarri zuen. «Miresgarritzat jo zuen hizkuntza murgilketan eta ikasleen bereizketa ezean oinarritzen den Kataluniako hezkuntza sistema», esan zuen. Valentziako eta Balearretako ereduek Europako Gutunaren maila baxuena ere ez dutela betetzen ohartarazi zuen Romeuk. Gainera, Justizia administrazioan herritarrek katalana erabiltzeko duen eskubidea ez dela bermatzen adierazi zuen. «Adituen Batzordeak Botere Judizialaren Lege Organikoa berrikusteaz gainera, epaitegietako langileen hizkuntza gaitasunaren eskakizunaz hausnartzea ere gomendatzen du», gaineratu zuen. Carlos Callónek, A Mesa pola Normalización Lingüística erakunde galiziarraren lehendakariak, Galiziako legediak irakaskuntzaren herena galizieraz izatea bakarrik bermatu arren, neurri hori bera ere ez dutela ezta irakaskuntzako lehen urteetan ere betetzen salatu zuen. Hortaz, Europako Kontseiluak agintaritza eskudunei nagusiki galizieraz dauden hezkuntza ereduak garatzeko eskatu ziela gogoratu zuen Callónek. «Funtsezko hizkuntza eskubideen urraketa hori ez litzateke onartu beharko», nabarmendu zuen. A Mesako presidentearen arabera, galizierak ez du babesik jasotzen instituzioen aldetik. Ondorioz, azken hogei urteetan hiztunen kopurua era kezkagarrian jaitsi dela ziurtatu zuen. Adituen Batzordeak esan zuen galizierak, katalanak eta euskarak dituzten arazoak jasateaz gain, irakaskuntzan arazo larria duela. Kongresuan burutatako bileran, Santi Castellán Rovira I Virgili Unibertsitateko Zientzia Juridikoen Fakultateko deka- noak ere hartu zuen parte. Haren esanetan, argi dago Estatu espainolak ez duela bete adostutakoa.
|