GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-15
Testuliburuen mailegu bidezko doakotasunak «euskal liburuaren ekosistema» suntsi lezake
1976az geroztik liburugintzari buruz urtero egin ohi duen azterketa aurten ere «Jakin»en plazaratu du Joan Mari Torrealdaik. Horren arabera, 2004an 1.851 liburu argitaratu ziren euskaraz, 2003an baino 94 gutxiago. Beherakadari ez dio soziologoak aparteko garrantzirik eman, gainerako datuak, oro har, azken urteotakoekin guztiz bat datozelako. Gero eta kezkagarriagoa iruditzen zaio, ordea, argitalgintzaren ahulezia estrukturala; are gehiago, testuliburuen mailegu bidezko doakotasuna indarrean jarriko balitz. Horrek liburuaren «ekosistema osoan eta harago ere» izan dezakeen eragin kaltegarriaz ohartarazi du.

DONOSTIA

2004an 1.851 liburu argitaratu ziren euskaraz, 2003an baino 94 gutxiago. Baina datu horrek ez omen du aparteko garrantzirik. «2003an 2002an baino 300 liburu gehiago argitaratu ziren, eta, datu bat anormala izatekotan, hori da, ez 2004koa», adierazi dio Torrealdaik berak GARAri.

Gainera, euskal argitalgintza oso atomizatuta dagoela kontuan izan behar da. Argitaratzaile gehienek (%59,6) urtean liburu bakarra plazaratzen dute, eta Torrealdaik 2004ko beherakada horiei zor zaien susmoa du. Hots, udal, elkarte eta, oro har, liburugintzan bereziki ez diharduten argitaratzaileei, ez argitaletxe profesionalei.

Beraz, 2004ko liburugintzaren argazkia guztiz bat dator azken urteotakoekin. Hori ez da ona, euskal liburugintzaren ahulezia estrukturala berrestera datorrelako. Baina, horrez gain, «etorkizuneko zeruertzean hodei beltzak» ikusten ditu “Jakin”eko zuzendariak. «Hodei beltz» horiek Gasteizko Legebiltzarrak onartu duen testuliburuen mailegu bidezko doa- kotasunari buruzko proposamena dira.

Sektoreak ezezko biribila eman dio, «ez doakotasunari, baizik eta doakotasuna indarrean jartzeko mekanismoari, maileguari, alegia», nabarmendu du Torrealdaik. Indarrean sartuko balitz, liburuaren «ekosistema» guztiz hautsiko lukeen «lurrikara» izango litzateke. Kalteak liburugintzatik harago ere nabarituko lirateke.

Kontuan izan behar da euskal argitalgintzan testuliburuek berebiziko pisua dutela. Izan ere, 2004an argitaratutako 1.851 liburuetatik %41,3 testuliburuak ziren; eta fakturazioari dagokionez, pisua are handiagoa da, %67,9. «Beraz, testuliburuak dira euskal argitalgintzaren indargune nagusia. Mailegu bidezko doakotasunak bete-betean joko luke indargune horre- tan, eta berez errentagarritasunaren muga-mugan dagoen sektore batean zer gertatuko litzatekeen igartzeko ez da aztia izan behar», esan du Joan Mari Torrealdaik.

Mailegu bidezko doakotasunak ez du kaltetuko argitaratzailea bakarrik, baizik eta kate osoa: testugile, ilustratzaile, itzultzaile, inprimatzaile eta (batez ere denda txikietako) liburu-saltzailea. Baina, arestian esan bezala, neurri horren eragin kaltegarria sektoretik harago ere joan daiteke. «Azkenaldion, hainbat gizarte eragile euskal curriculum berri eta edukiz beterikoa lantzen dabiltza. Bada, edozein curriculum berri sostengu gutxiagorekin geldituko da, testuliburuak egiteko bertako argitaletxeak ahultzen badira. Beraz, curriculuma ere jokoan dagoela esan daiteke», nabarmendu du “Jakin”eko zuzendariak.

Egoeraren larriaren «kontzientziarik» ez du Joan Mari Torrealdaik sumatzen. «Nire ustez, Administrazioko sail batek ezin du neurri hori beste sailekin koordinatu gabe hartu, edo liburugintzako profesionalen iritziak kontuan izan gabe», esan du. Gaiaren garrantzia dela-eta, hurrengo zenbakia ere testuliburuen mailegu bidezko doakotasunari eskainiko dio “Jakin”ek.



Tiradak gero eta txikiagoak izanik, euskal edizioa errentagarritasunaren mugan dago
M.A.

DONOSTIA

Joan Mari Torrealdaik 2004ko euskal liburugintzari atera dion argazkia, azken urteotakoekin guztiz bat datorrena, «buztinezko zangoak» dituen jarduera batena da. Hots, euskal liburugintza, krisialdian baino gehiago, arazo estruktural sakonetan sartuta dago, eta «errentagarritasun ezaren atarian».

«Argitaratutako titulu kopuruari erreparatzen badiogu, zenbait urtetako gorabeheratxoak salbu, ez da krisirik ikusten, berdintsu gabiltza. Tiraden eboluzioan dago gakoa», ohartarazi du soziologoak. Izan ere, 2000. urteko euskal liburuaren batez besteko tirada 2.900 alekoa bazen, 2004an 2.211koa baino ez da. Eta Precisak emandako datu hori ­ofiziala, nolabait esateko­ errealitatetik urruti dago, zori- txarrez. Joan Mari Torrealdaik berak kalkulatu duenaren arabera, batez besteko tiradak 1.600 alekoak baino ez dira. Nolanahi ere, Precisaren datuak ontzat emanda ere, beherakada izugarri nabarmena da.

Tituluetan gorako eta tiradetan, berriz, beherako joera hori orokorra da, ez dagokio soilik euskal liburugintzari. «Baina kontuan izan behar da auzo erdaretako liburugintzek jaisteko marjina daukatela, eta euskal liburugintzak ez hainbeste. Susmoa dut errentagarritasunik ezaren ata- rian dagoela euskal edizioa», esan du Joan Mari Torrealdaik.

Horrela gauzak, beste liburu politikarik ezean, argitaletxe batzuek, «epe luzeegia baino lehen», ateak itxi egin beharko dituztela uste du.

Kulturaren Euskal Planean aurreikusitako hainbat neurri politika berri horren bidean ote doazen galdetuta, “Jakin”eko zuzendariak ez du zehatz-mehatz erantzuten asmatu ­«bizitzaren gorabeherak direla-eta, hortik aparte ibili bainaiz», esan du­, baina garbi ikusten du, neurri horiek edozein direla ere, testuliburuen mailegu bidezko doakotasuna gauzatzea jipoi erabakigarria izan daitekeela.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La UE despeja el camino a los tanques
Jendartea
Ehun hildakoren muga pasatu du birusak
Jendartea
El alcalde de Burlata pregunta «por qué no se avisó de la crecida a los vecinos»
Euskal Herria
Batasuna considera que PNV y PSOE están buscando «debilitar a la izquierda abertzale»
Euskal Herria
Telesforori «hilik ere beldur» ziotela agerian utzi zuen Poliziak orain 25 urte
Ekonomia
El tabaco y las rebajas frenan el incremento de precios en febrero y dejan el IPC en el 4%
Mundua
Hallados los cadáveres de 85 personas en Irak
Mundua
Los Milosevic tratan de forzar su funeral «con todas las garantías» en suelo serbio
Kirolak
«Dar consejos a Eulate... pero si él lleva más ańos en profesionales»
Mundua
El Ejército israelí asalta y destruye la cárcel palestina de Jericó
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea