Paul Auster-ek euskaraz egiten du lehenengo aldiz bere nobela berrian
Paul Auster, «Ilusioen liburua», «Orakuluaren gaua» eta beste hainbat nobela arrakastatsuren idazlea, edo «Smoke» eta beste zenbait filmeren gidoigilea, dagoeneko euskaraz mintzatzen da. Bere azken liburua, Estatu Batuetan aurten bertan argitaratu dena, euskaraz irakur daiteke. «Brooklyngo erokeriak» lana Oskar Aranak itzuli eta Alberdaniak plazaratu du.
DONOSTIA
Bizitzan gorabehera handiak ezagutu ondoren, dagoeneko ezertan askorik sinesten ez duela, sorterriko auzora, Brooklynera, itzuli da Tom, minbiziak jota. Bere ikuspuntutik kontatzen ditu, beti ironia lagun, nobela osatzen duten hamaika pasadizo, gogoeta eta elkarrizketa. «Nahiz eta gertaera mikatz askoren berri eman, samurtasun handiko liburua da. Pertsonai gehien-gehienak, euren argi-itzalekin, maitagarriak dira, baita gaiztoak ere», nabarmendu zuen Oskar Arana itzultzaileak. «Gainera, ahazten ez diren horietakoak dira», gehitu zuen Inaxio Mujika Alberdaniako argitaratzaileak. Liburua goraipatzen ia-ia elkarren arteko lehian aritu ziren atzoko aurkezpenean Arana eta Mujika, biak ala biak Austerren maisutasunak liluratuta. «Hor ikusten da kontatzaile onaren trebezia jarraitu zuen Aranak, pasadizoak, elkarrizketak, une barregarri zein hunkigarriak... den-denak hari samur batez josi ditu Austerrek. Beharbada hori da liburu honen alderik aipagarriena:mila pasadizo, pertsonai eta ñabardura bateratzeko eta aldi berean istorioa ziztu bizian eramateko erakutsi duen dohaina. Idazle ofizioa ikasi nahi dutenentzat ere hor bada zer ikasia». Mujikaren ustez, “Brooklyngo erokeriak” nobela «argia» da, «distiratsua». Euskaraz «oso ongi» irakurtzen dela ere nabarmendu zuen. «Hor badu meriturik itzultzaileak, baina baita Austerrek berak ere. Atzematen zaio gidoigile sena, eta kapitulu batetik bestera inpazientziaz pasatzen gara, liburua ezin utzirik», azaldu zuen.
«Barre eragile sotila» Auster «barre eragile sotila» ere badela gehitu zuen editoreak. «Salbuespenak salbuespen, ez nuke esango algara eragiten duenik, baina irribarrea ezpainetan irakurtzen den nobela da, giza generoarekin adiskidetzen zaituenetakoa», esan zuen. Gogoetarako bide ematen du, eta «indibidualismoaren gizartetik datorren mezua» ere bada. Izan ere, «elkarbizitzarako eskaera da», esan zuen, «ez, noski, moraleja moduan, Auster oso sotila baita». Horretan, editorearekin guztiz bat etorri zen Arana: «Auster ezer bada, sotila da».
Itzulpenaz, nobela «oso lagun arteko doinuan» idatzita dagoela esan zuen Aranak, eta, hain justu, hori euskaraz islatzea kostatu omen zaio gehien. Hala ere, itzultzeko ere «esker oneko» liburua da. «Nobela dibertigarria da benetan, eta itzulpena ere dibertigarria izan da», esan zuen Aranak.
Erronka handia: euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean
M.A.
DONOSTIA Joan zen urtarrilean argitaratu zuten Estatu Batuetan “Brooklyn Follies”en jatorrizko edizioa, eta oraindik hiru hilabete pasatu ez direnean, merkatuan da euskal ordaina. Gainera, ohi denaren kontra, “Brooklyngo erokeriak” nobelaren gaztelaniazko (eta katalanezko eta galizierazko) itzulpenarekin batean plazaratu da, ez geroago. Inaxio Mujikak esan zuenaren arabera, hori posible izan da, alde batetik, Austerren agentearekin Frankfurteko Azokan harremana izan zutelako, eta, bestetik, idazleak berak eremu urriko hizkuntzekiko sentsibilitate berezia erakutsi omen duelako. «Guk badakigu Paul Austerrek Euskal Herrian baduela irakurlego finkoa, nolabait esateko, bere parrokiatxoa, eta irakurle horiei eskaini nahi genien nobela berria euskaraz gaztelaniazkoarekin bate- an, ez geroago; idazle estatubatuarrak euskaraz nola egiten duen ezagutzeko aukera izan dezaten», esan Mujikak. Auster itzal handiko idazlea den arren, bere azken lana euskaraz plazaratzea erronka handia da. Izan ere, “Literatura unibertsala” bildumako liburuek ez bezala, nobela honek ez du babes ofizialik, alegia, itzulpena eta guzti argitaratzaileen kontura joan da. Beraz, liburuak merkatua bera du euskarri bakarra, eta euskal merkatuak, oro har, ez die itzulitako liburuei aparteko harrera egiten. Hala ere, Alberdaniak erronkari eustea erabaki du. Mujikak esan zuenez, «liburu arrakastasu baten euskal bertsioak, gaztelaniazkoarekin batera argitaratuta, nolako harrera izan dezakeen frogatzeko gogoa genuen. Irakurle euskalduna kinka horretan jarri nahi dugu: hor duzu liburua euskaraz eta erdaraz aldi berean, orain ez duzu aitzakiarik. Ea zer gertatzen den». Jarraitzeko bidea Irakurle euskaldunarenganako konfiantza duela aitortu zuen Inaxio Mujikak. «Eta liburua euskaraz irakurtzen baldin badu, gustatu egingo zaio, seguru. Pauso hori ematea da kontua. Gainera, badira liburu batzuk euskaraz jarrita lan gehiago ematen dutenak, baina Austerren kasuan ez dago inolako zailtasunik», gaineratu zuen. Iñaxio Mujikaren ustez, euskal liburugintzak ezin du horrelako apusturik egin nahi bezain sarri. «Baina noiz edo noiz hasi beharko genuke horrelako batzuk egiten. Guk eta beste batzuek. Ausartak izan behar dugu», esan zuen editoreak. Alberdaniak, behintzat, aurrerantzean ere bide horri helduko diola iragarri zuen. «Auster nobela labur bat idazten ari da, eta, esperientzia honetatik erabat erreta ateratzen ez bagara, aukera izango dugu».
|