Volkswageneko langileek lehen greba egingo dute gaur gaueko txandan
Volkswageneko zuzendaritza lan hitzarmena negoziatzeko prest ez dagoela salatzeko, Iruñeko lantegiko langileek lanuzteetara deitu dute datozen egunetarako. Lehenengoa gaur egingo dute, gaueko txandan. Hemendik aste batzuetara enpresak jarrera bera izango balu, greba mugagabea abiatuko lukete apirilaren 3an.
IRUÑEA
Volkswageneko zuzendaritzak lan hitzarmena negozia dezan behartzeko, Iruñeko lantegiko enpresa batzordeak hainbat protesta ekimen jarriko ditu abian datozen egunetan. Gaurko gaueko txandatik hasita, hots, 22.00etatik, 24 orduko lanuztea egingo dute langileek.Horixe izango da, beraz, joan den martxoaren 7an adostutako mobilizazio egutegiaren lehen ekimena. Bihar, Landaben industrialdean dagoen enpresa horren atarian, berriz, bilera eta elkarretaratzea egingo dituzte. Negoziazioetan aurrera egin ezean, lanuzteak errepikatuko dituzte martxoaren 23an, 28an eta 30ean, kasu horietan goizeko txandatik hasita 6.00etatik aurrera, alegia. Egun horietarako akordiorik ez badago, apirilaren 3an greba mugagabe bati ekingo diote. Mobilizazio horien guztien bezperan, ez zegoen inongo aldaketarik Volkswageneko zuzendaritzaren jarreran. Hain zuzen ere, sindikatuek GARAri jakinarazi bezala, enpresak oraingoz ez du lan hitzarmenaren negoziazioa ahalbidetuko lukeen mugimendurik egin.
Batasunaren elkartasuna Bestalde, Batasunak elkartasuna adierazi zien atzo Volkswageneko langileei. Horrekin batera, deituta dauden ekimenetan parte hartzeko deia egin zion Nafarroako gizarteari. Lantegiko egoerari dagokionez, lan gatazkak konpontzeko bidean, «negoziatzeko askatasuna» beharrezkoa dela adierazi zuen. Alde horretatik, ezker abertzaleak salatu zuen askatasun hori zalantzan jartzen ari dela zuzendaritzaren «xantaiaren» eta Iruñeko Gobernuaren jarreraren bitartez.Miguel Sanzek buru duen gobernuari dagokionez, enpresaren alde «era lotsagarrian» egin duela nabarmendu zuen.
«Gertatzen ari dena ikusita, argi dago Nafarroa salduta geratu dela Volkswagenen interesen aurrean. Horrek frogatzen du Nafarroako beharrak aseko lituzkeen ekonomia eta industria politika bat falta dela herrialdean», erantsi zuen Batasunak.
|