BEIJING
Herri Batzorde Nazionalak 2010era arte Txinako politika arautuko duen Bosturteko Plana onartu zuen atzo.Txinako Errepublikaren historiako XI. Bosturteko Plana onartu zuen bilkuraren ostean prentsaurrekoan agertu zen Wen Jiabao lehen ministroa, eta munduko herrialde jendetsuenak azken hamarkadetan jarraitu duen erreforma-bidearen alde tinko agertu zen.
«Erreformei eutsi behar diegu; ezaugarri txinatarrak dituen sozialismoari, hain zuzen. Arazoak arazo, ez dago atzera egiterik», azaldu zuen lehen ministroak.
Iraultza Kulturalaren porrotaren ostera, 1978an bultzatu zuen erreforma-bidea Deng Xiaopingek, Lemazain Txikiak. Politika horrekin munduan hazkunderik handiena duen ekonomia bilakatu da Txinakoa.
Bide horrek, ordea, desberdintasun sozialak eta txinatarren artean tentsioak areagotu ditu, batez ere nekazaritza munduaren eta kostaldeko hirien artean. Erreformen alde azaldu arren, kontraesanak ere onartu zituen Wenek, terminologia marxista erabiliz. Txinako 900 milioi nekazarien arazoak aipatu zituen. Beharrezkotzat jo zuen «beste kanpaina sozialista bati ekitea eta nekazarien arazoei lehentasuna ematea».
Nekazariei egin dizkieten desjabetzeak ere kritikatu zituen. Hala ere, azken zortzi urteetan landu duen Jabegoari buruzko lege-proiektu berri bat atzera bota du Gobernuak, Batzordea bildu aurretik.
Lege horrekin nekazarien jabegoa Estatu jabegoarekin parekatzea nahi zuen Gobernuak, baina sektore kontserbadoreenek gogor kritikatu dute, beren ustez, ezberdintasun sozialak areagotu zitzakeelako.
Nekazarien hezkuntza
Nekazarien haurrei doako hezkuntza eskaintzeko eta beste hainbat azpiegitura ura eta argindarra tartean bultzatzeko planak eta dirua iragarri du Bosturteko Planak.Gobernuak hazkunde ekonomikoa geldoagoa izango dela esan du bide batez, energia kontsumoa eta kutsadura gutxiarazteko. Ez da asmo berria, baina orain arte ez ditu hazkunde indizeak geldotu.