Eskolek haurrak euskaldundu behar dituztela uste dute
Ezohiko saioa egin zuten atzo Gasteiz Euskaltegian. Eskolak euskaldundu ez dituen pertsonek, euskaltegietako ikasle nahiz irakasleek, beraiek bizitako esperientziak kontatu zituzten bertan. Modu horretan, «Bai Eskolak Euskalduntzeari!» kanpainarekin bat egin zuten.
GASTEIZ
Gasteizko euskaltegiek batera antolatutako ekimena gauzatu zen atzo goizean Gasteiz euskaltegian. Ohiko klasea saio berezi bihurtu zen, eta A eta B hizkuntz ereduak direla-eta, eskolatik euskaldundu barik atera eta, geroxeago, euskara ikastea erabaki zuten kaltetuen bizipenak entzun ahal izan zituzten. Aipatutako ekimena iragan urtarrilean abian jarritako Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpainaren barruan da. Euskaltegietako irakasle nahiz ikasleak izan ziren bertan. Eskolek umeak euskaldundu behar dituztela, eta, behin eskola amaituta, gazteek elebidunak izan behar dutela aipatu zuten. Eskoletan ikasteko aukera izan ez zutenek, berriz, hauxe esan zuten: «euskalduntzea izan dadila euskaltegien zeregina». Urteetan, euskara «alboratuta» egon dela, eta, ondorioz, eskoletan ikastea edota hitz egitea ezinezkoa zela gogora ekarri zuten. Horrek hizkuntzari «kalte handia» egin zion arren, «bizirik»segitzea lortu zuela aipatu zuten. Hastapen haietan, makina bat gurasok ikastolen aldeko apustua egin zuten. «Batzuek seme-alabek ikasketak ama-hizkuntzan egin zitzaten, eta beste askok, etxean jaso ezin zuten hizkuntzan murgil zitezen umeak», adierazi zuten.
Gau-eskolak eta euskaltegiak
Gau-eskolek ere zeregin handia izan zuten helduekin. Modu horretan, hasiera batean, «muturreko» bi aukera baino ez zegoen arren, hau da, gaztelera edo euskara hutsez ikastea, denbora aurrera joan ahala, tarteko ereduak zehazten joan zirela esan zuten. «Eta kasu gehienetan, gau-eskolak euskaltegi bihurtu dira, eta haien eskaintza zabaldu eta profesionalizatu da», nabarmendu zuten.Haatik, euskara «nahi bezain osasuntsu eta indartsu» ez dagoela adierazi zuten kaltetuek. Izan ere, egun, eskolek dituzten ereduek ez dute «bermatzen» derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikaslea «elebiduna» izatea. Hori dela-eta, gazte nahiz heldu askok euskaltegietara joan behar izaten dutela nabarmendu zuten. Horrek, hala ere, ahalegin «handia» dakarrela ziurtatu zuten. Alegia, lauzpabost urtez, jarraian, egunero-egunero gutxienez bi orduz eskolara joan beharra, edota eskolaz kanpo ahalegintzea, ikasten ari diren hizkuntza erabiltzen trebatzeko. Horrez gain, ikastaro bakoitzeko matrikula ordaindu behar dela gaineratu zuten. 500 bat euro ikasturte osoan, egunean bi orduz aritzeko, hain zuzen ere. Euskaltegitik igaro den ikasle orok, hala ere, oso bizipen onak gordetzen ditu. Izan ere, han, euskaraz gain, beste hainbat eta hainbat gai ikasten dituzte; hala nola, Euskal Herriko historia eta kultura, edota hemengo eta hango ohiturak.
|