Aralarrek «euskal Y» sarearen aurkako jarrera agertu du
Aralarrek «euskal Y» trenbide-sarearen aurkako jarrera azaldu du; izan ere, proposatzen duten garraio sistema ez dela iraunkorra eta «lurraldeetako higikortasuna kolapsoa» ekarriko lukeela irizten baitu. Alderdiak «H» itxurako eredua hobesten du, lotune nagusi Altsasu eta Gasteiz izango lituzkeena.
GASTEIZ
Aralarreko kide Patxi Zabaleta eta Mikel Basabe Gasteizko Legebiltzarrean izan ziren atzo, alderdiak “euskal Y”aren gainean duen iritzia plazaratzeko. Azaldu zutenez, Aralarrek baztertu egiten du Lakuak proposatzen duen trenbide sarearen eredua, eta azpiegitura horren aurkako «jarrera argia» dutela azaldu zuten: «Egungo garraio sistema ez iraunkorraren eta lurraldeetako higikortasuna kolapsoa ekarriko duen ereduaren alternatiba zehatzak proposatzeari uko egitearen aurka gaude», adierazi zuten.Era berean, gogorarazi zuten “euskal Y”arekin ez dagoela ados Gasteizko Gobernua osatzen duen hirukoa, «Ezker Batuak “U” itxura duen egitura hobesten baitu». Basabek Lakuaren «itxikeria» kritikatu zuen, eztabaidari uko egiten baitio haiek proposatzen duten proiektua herriarentzat onena ez dela jakin arren.
Trenbide-sarearen proposamena
Aralarrek bost irizpidetan oinarritzen den proposamena aurkeztu zuen, «ezker abertzaleak egin izan duen formulazio klasikoarekin» bat datorrena.Hiriburuak ez ezik, bigarren mailako hiriguneak eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeak ere komunikatzea hobesten du, eta egungo trenbide-sarea baliatzea eta ingurumen kalte txikienak eragiten ahalegintzea proposatzen du. Trenbide-sarearen ibilbidearen lotune nagusiak Altsasu eta Gasteiz izango liratekeela argitu zuten. Bilbo, Donostia, Iruñea, Tutera eta Baiona ere lotuko lituzkeela eta “H” itxura izango lukeela azaldu zuten. Aralarren iritziz, garrantzizkoa da trenbide-sareak penintsulako pasabide nagusietarako sarbidea izatea. Proiektua garatzean neurrigabeko inbertsioak edo ondasunen banaketan desoreka handiagotzea ekiditea ezinbestekoa dela azaldu zuen.
|