Garai berrian, Baionako Hirigintza Agentziak garraioa ere landuko du
BAIONA. Aturri-Pirineoak Hirigintza Agentziako zuzendari berria Olivier Daguisy izanen da. Daguisy Belgikako Garraio eta Energia Ministerioan lan egindakoa da, eta agentzia horrek hasiko duen garai berrirako espresuki aukeratu dute. Etxebizitza eta garraioa gaiak jorratuko dituzte nagusiki 2006. urtean hasten den garai horretan; izan ere, Ipar Euskal Herrian arazo handiak dira bi horiek. Estatuak, departamenduak, eskualdeak eta CABABk diruz laguntzen duten egitura hori hirigintzako eta egokitzapeneko hainbat eremutako profesionalek osatzen dute. Gainera, inoiz baino gehiago, historikoak diren parte-hartzaileak elkartu nahi dituzte agentzian, modu horretan, eskualdeko erakundeen jakintza besteekin partekatzeko.
Blanquezi ezarritako bi urteko zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak
DONOSTIA. Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Auzitegiko epaile Luis Blanquezi ezarri zioten bi urteko zigorra baieztatu du. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ezarri zion zigorra epaileari, Irungo Alardearen gaineko erabaki batean bi kide «boza aldatzera bultzatu» zituelako. Irungo auzitegiak Alardeak izaera publikoa zuela ebatzi bazuen ere, Auzitegi Gorenaren epaiak Blanquezek izaera pribatua zuela nabarmentzen zuela eta botoa alda zezaten auzitegiko bi kide estutu zituela nabarmentzen du. Auzitegiaren iritziz, hutsegite larria da Blanquezek egin zuena, «epaileen independentziaren» kalterako dela ulertzen baitu.
|