GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-17
Nobela historikoei «burla» egiten die Joxemari Iturraldek
·Hogeita bi urteren buruan, «Nafarroako Artizarra» berrargitaratu du tolosarrak

«Nafarroako Artizarra» nobela «historikoa» berriz ere plazaratu du Joxemari Iturraldek. Historikoa da 1984an lehen aldiz plazaratu zuenez geroztik euskal literaturan bide ederra egin duelako, eta historikoa da, baita ere, itxuraz behintzat, XIV. mendean girotuta dagoelako. Beraz, liburuaren «historikotasuna» ez da makala, batez ere Iturraldek «nobela historikoa» dagoenik ez duela uste kontuan izanik. Hain justu, «Nafarroako Artizarra» ez omen dagoen genero horren gaineko hausnarketa gisa idatzi zuen.

DONOSTIA

“Nafarroako Artizarra” lanean bi pertsonaia dira nagusi. Lehenengoa Iguzkizako herritar bat da, XIV. mendean Nafarroan juduen kontra izan ziren oldarraldien ondorioz ihes egin eta Toledoko aljaman bizitzen bukatzen duena. Bigarrena, berriz, Txikilaurden izeneko pikaroa da, itxuraz iguzkizatarraren garaikidea, nahiz eta nobelak aurrera egin ahala horren garbi ez dagoen.

“Nafarroako Artizarra” Iturralderen lehen liburuetako bat izan zen, «irla» bat haren produkzioan. «Historiak garrantzi izugarria du nire lanetan, baina ez nuen bide horretatik jarraitu», esan zuen idazle tolosarrak berak atzoko aurkezpen ekitaldian. Are gehiago, bere ustez, ez dago nobela historikorik. «Esamoldea osatzen duten bi terminoak kontrajarriak dira: nobela bada, fikzioa da; beraz, ezin du historia izan, eta alderantziz», argudiatu zuen. Izan ere, “Nafarroako Artizarra” nobela historikoaren gaineko hausnarketa moduan idatzi zuen, fikzio bidezko hausnarketa baina.

«Nobela bitxia da, aldrebesa, ezohikoa... eta beharbada horregatik sarri etorri zaizkit unibertsitateko ikasleak horri buruzko lan bat egiten ari direla esaka, eta azalpen eske», adierazi zuen. Hori dela-eta, hogeita bi urteren buruan edizio zaharberritua prestatu dute (seigarrena), eta ortografia eguneratzeaz gain, “Hamar ohar hitzaurre gisa” gehitu du egileak, proposatzen duen hausnarketarako pistak emateko.

Bide berriak urratu nahian

«Guk nobela historikoen eredu tradizionala ezagutzen genuen, funtsean, Jon Etxaiderena. Eta nik bide berriak urratu nahi nituen», gogoratu zuen. Horretarako, nobela historikoen eredu desberdinak baino gehiago James Joyceren “Ulises” eta Virginia Wolf-en “Orlando” izan zituen kontuan.

Horrela gauzak, “Nafarroako Artizarra” nekez izan zitekeen ohiko nobela historikoa. Nahiz eta aipatzen dituen pasadizo asko benetan gertatu ziren, irakurleak hainbat ezusterekin egingo du topo. «Historiari egindako burla da, ohiko nobela historikoei mihia ateratzea, joko moduko bat idazleak esaten diona irakurleari: ni hau eta hau kontatzen ari natzaizu, eta sinets ezazu nahi baduzu, baina badakizu begiaz keinu egiten dizudala hau kontatzen dudanean, eta zeuk ere irribarre maliziatsua egin behar didazula nire kliskadaz ohartu orduko».

Iturralderen keinuak askotan anakronismoen itxura hartuko du, eta irakurleak liburuaren azaletik beretik abisatuta daude. Izan ere, azalean XIV. mendeko giroa irudikatzen duen Paul Tillac-en marrazkia dago. Baina marrazki horretan badira garaiarekin bat ez datozen hainbat osagai.

Joxemari Iturraldek irakurleari egiten dion keinua ez da soilik anakronismoen bidez gauzatzen. Nobela erreferentziaz beterik dago, eta «metaliteratura» hitza ere aipatu zuen tolosarrak. Erreferentzia horietako batzuk ezezagunak gerta daitezke egungo irakurle gazteentzat, baina horrek ez du nobela galarazten. «Egungo gazte batek seguru asko ez du Etxaideren lanik irakurri, igoal zoritxarrez, baina horrek ez du axola. ‘El nombre de la rosa’n, esaterako, Jorge de Burgos delakoaren bibliotekari haren atzean Jorge Luis Borges dago, baina hori jakin gabe ere, irakurleak lasai eta gustura irakur dezake nobela», argudiatu zuen Joxemari Iturraldek.



Modako generoari buruzko hausnarketa

DONOSTIA

Xabier Mendiguren Elkarreko argitaratzaileak nabarmendu zuenez, “Nafarroako Artizarra”n testua funtsean aldatu ez bada, liburua bai, ez baitira alferrik 22 urte pasatu. «Beharbada egungo irakurleak ez dio hainbat erreferentziari zuku guztia aterako, baina, trukean, nobelak, denboraren poderioz, konnotazio berriak hartu ditu». Egun puri-purian dauden zibilizazioen arteko talka edota mestizaia aipatu zituen adibide gisa.

Horri dagokionez, Iturraldek gogorazi zuen Erdi Aroan, «urte luzeetan», Lizarra, Tutera eta antzeko hiriak eredugarri izan zirela kultura eta bizikidetza aldetik. Honako hauxe esan zuen: «Nik egoera horren amaieran girotu dut nobela».

Nolanahi ere, Mendigurenek nobela irakurtzea aholkatu zien baita orain dela 22 urte irakurri zutenei ere. Batetik, euskal literaturaren panorama azken urteotan nola aldatu den ikusteko. Bestetik, «eta batez ere», nobela «freskoak» hainbat konturi buruz ­genero historikoari buruz, kasu­ proposatzen duen hausnarketak «erakargarri» izaten jarraitzen duelako.

Genero historikoaz, zera esan zuen Iturraldek: «Egun, modan dago. Historikoak omen diren nobelak perretxikoak bezala ugaltzen dira; ematen du nobela historikorik egiten ez dugunok tontoak garela. Ez, ba: Gravesen ‘Yo, Claudio’ ona da oso liburu ona delako, ez nobela historikoa delako».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Jornada de normalidad, autos excepcionales
Euskal Herria
«La estrategia de guerra es ineficaz contra la izquierda abertzale y contra el ansia de paz»
Euskal Herria
Grande-Marlaska emula a Garzón: «Obedecieron la decisión de ETA»
Euskal Herria
Movilizaciones contra quienes «quieren obstaculizar un nuevo tiempo político»
Ekonomia
Estudiantes del campus de Baiona y de los liceos vascos se volcaron contra el CPE
Euskal Herria
El juez encarcela a Petrikorena e impone fianzas a Barrena y Díez
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea