«Arrakalak» ikuskizuna, poesia emanaldi bat baino gehiago
Musika, poesia, film laburrak eta argazkiak ditu, baina ez da diziplina arteko ikuskizun bat. «Arrakalak» Gotzon Barandiaranen poemen errezitaldi bat da, hori bai, ohi baino jantziagoa. 2004 urtearen amaieran abiatu zen eta ekainean izango da azken emanaldia. Urte eta erdian batez beste bi saio izan ditu hilean. Gaur, Lesakan egongo da, 22.00etan.
BILBO
Arrakalak liburu baten izena da, 2004an Susa argitaletxeak argitaratu zuen Gotzon Barandiaranen liburuaren izena. Idazle hori Bihotz Bakartien Klubekoa da eta azken urteetan egile askoren testuekin errezitaldiak egiten ibili da. «Beti beste batzuen testuak ziren eta ‘Arrakalak’ idatzi ostean, bertako poemetan oinarritutako emanaldia egitea pentsatu genuen», azaldu du.
Bihotz Bakartien Klubean, irakurleez gain, musikariak daude (Aintzina Lekue, Alex Arregi eta Gorka Mugarza) eta horiek poemak irakurri eta soinu-banda sortu zuten. Emanaldietan abesten dituzten kantu batzuk instrumentalak dira eta beste batzuetako hitzak liburuko poemak dira. Horrez gain, Alex gitarra-jotzaileak bere talde izandako Keats-en kantu pare bat jotzen ditu.
Aldi berean eta liburua argitaratu orduko, Bego Vicario zinemagileak esan zien aspalditik poemak animatzeko gogoa zuela, poemen irudizko interpretazioa egiteko. «‘Arrakalak’eko poemak hartu zituen, eta Arte Ederretako ikasleei proposamen bat egin zien: poemekin animazioak egin», adierazi du Barandiaranek. 26 bat animazio lan egin zituzten, «poema bisualak», poetaren esanetan.
“Arrakalak” ikuskizunaren azken atala Nestor Zabalaren argazkiak dira, munduan zehar ateratakoak. Hori guztia Aritz Albaizar eszena-gidariak taularatuko du ganoraz. «Askok ‘Arrakalak’ diziplina arteko ikuskizuntzat jotzen duten arren, gure ustez, poesia emanaldia da, adierazpide batean baino gehiagotan erakutsitakoa, baina poesia azken batean», esan du Barandiaranek. Dena den, emanaldiak amaitzean beste zerbait prestatzen badute, ziurrenik «sinplifikaziora» joko dute. «Askok esaten digute poesia emanaldia izateko ez dela astuna. Horrek esan gura du aurreiritziak ditugula: poesia berdin aspertzea binomioa fosilizatuegi dugu». Urte eta erdian hilean bi saio egin ostean, «pozik» daude izaniko harrerarekin. «Aspaldi ikasi genuen zein diren gure mugak», esan du.
|