IAN taldeak 76 milioi euro inguruko fakturazioa lortu zuen joan den urtean
·2004. urtearekin alderatuz gero, salmentak %8,4 igo zirela jakinarazi du Nafarroako enpresak
IRUÑEA
Industrias Alimentarias de Navarra (IAN) taldeak 76,19 milioi euroko fakturazioa lortu zuen joan den urtean, %8,4 gehiago 2004. urteko salmentekin alderatuz gero. Emaitza «on» hori azken bost urteetan egindako inbertsioengatik lortu duela adierazi zuen IANek. Hain zuzen ere, denbora tarte horretan 25,5 milioi euroko inbertsioak egin dituela berretsi zuen. Alde horretatik, joan den urtean berrikuntza sustatu zuela nabarmendu zuen, arlo hori bultzatzeko 2,1 milioi euro baliatu baitzituen zenbait proiektu diruz laguntzeko. Beste inbertsio batzuk ere egin zituela jakinarazi zuen: Alesbes herrian, sei milioi euro baliatu zituen hozkailuetan gordetzeko jangaiak egiteko lantegi bat eraikitzeko; eta Caceresen, beste 8 milioi euro bideratu zituen olibak ekoizteko lantegi bat eraikitzeko. Nafarroan dituen bi egoitzez gain, IANek beste bi lantegi ditu atzerrian: Caceresen eraikitako hori eta Txinan irekita duen beste bat.
«Kalitatezko produktuak» Datu horiek eman ostean, bere helburuetako bat «merkatura kalitatezko produktuak bideratzea» dela esan zuen IANek. Bere apustua jendearen «erosotasuna eta osasuna» ziurtatzea dela adierazi zuen, baita kontsumitzaileen «aurreikuspenak» betetzea ere.
|