- Urrezko Aizkora -
Bakiok eta Legorretak hiruna kanporaketa hartuko dituzte
·Helduen lau norgehiagoka ikusi ahal izango dira; eta bi, berriz, gazteenak
DONOSTIA
Aizkora gustuko dutenak zorioneko izango dira, asteburuan bi ekinaldi eta sei saio ikusteko parada izango baita. Urrezko Aizkorako hiru kanporaketa jokatuko dituzte bihar Bakion 19.00etan, eta etzi beste hiru izango dira Legorretan, 12.30ean.
Bakion, helduen bi norgehiagoka izango dira. Hasteko, Barberena eta Rekondo neurtuko dira, eta ondoren Mugertza eta Zubiaga. Beruetekoa eta Mutrikukoa dira irabazteko faborito nagusiak. Hala ere, tentuz aritu beharko dute, bai Rekondok, baita Zubiagak ere bigarren kanporaketa baitute.
Barberenaren eta Rekondoren arteko kanporaketa gainditzen duen aizkolariak hurrengoan Joxe Etxebeste izango du aurrez aurre. Mugertzaren eta Zubiagaren arteko dema gainditzen duenak, berriz, Daniel Vicenterekin neurtu beharko ditu indarrak.
Helduen saioaz gain, gazteen bat ere jokatuko dute Bakion. Alde batetik, Oihan Larretxea, Donatoren semea, eta bestetik Kañamares II.a neurtuko dira. Hor bai ez dagoela faboritorik. Bi aizkolariak dira oso gazteak, ia ez dute eskarmenturik, eta plazan, lehiaketa batean, lehen aldiz neurtuko dira buruz buru, bat bestearen aurka. Nerbioak ongien eramaten jakiten duenak eraman dezake garaipena, baina hori hamabost urteko bi mutikori eskatzea ez da batere erraza.
Etzi, Legorretan, berriz, sekulako jendetza espero da, ikusmin handia piztu baitute bertan jokatuko dituzten helduen bi kanporaketek. Alde batetik, bertan izango da Patxi Mindegia, baita Otaño eta Lasa ere. Azken bi horiek bikoa osatuz Olasagastiren aurkako apustua jokatuko dute hemendik bi astera. Eta horri, Lasak etxean aritu behar duela gehitu behar zaio. Beraz, jende asko izango da Legorretan. Hasteko, Mindegia eta Otaño neurtuko dira. Ondoren, berriz, Lasa eta Erdozia. Bi kanporaketak orekatuak izango dira. Lehenengoan, Otaño izan daiteke faboritoa. Patxi Mindegiak sekulako kolpea eta abiadura erakutsi zituen joan den astean, baina lana luzeagoa izango da, eta Otaño apustua prestatzen ari dela kontuan hartuta, horrek mesede egin behar lioke. Irabazlea Txapartegirekin neurtuko da Lasaren eta Erdoziaren artekoan; bigarrena izango da faboritoa, baina Legorretakoak Lopez mendean hartu zuen, eta Erdoziak ere kontuz ibili beharko du. Garaipena lortzen duena Senosiain I.arekin arituko da. Gazteetan, berriz, Rodriguez II.a segoviarra eta Gorriti II.a neurtuko dira.
Helduetan, bai larunbatean, eta bai igandean lan bera egin beharko dute. Hasteko, 45 ontzakoa zutik moztu beharko dute. Gero, 45 ontzakoa etzanda, erlojuz kontra arituko dira. Hori amaitutakoan, abiadura proba izango dute 60 ontzakoarekin, eta azkenik lau kana-erdiko moztu beharko dituzte. Gazteek bihar eta etzi lan berdina izango dute. 45 ontzakoa kolpeka moztuz hasiko dira. Jarraian, enbor berarekin abiadura proba egingo dute, eta azkenik, bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko moztu beharko dituzte.
|