IAk «argazki mundiala» egin du NUPen
IRUŃEA
Hizkuntza Eskubideen aldeko astea dela-eta, Euskal Herri osoko irakaskuntza zentroetan antolatu dituzten ekitaldien artean, Ikasle Abertzaleak-ek «euskararen aldeko argazki mundiala» egin zuen atzo goizean Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Ikasle sindikatu horrek deituta, 200 bat lagun bildu ziren eguerdian NUPeko errektore Pedro Burillok, agintean daramatzan hiru urteetan, euskararen normalizaziorako bidean emandako pausoak «oso murritzak» direla salatzeko. IAko bozeramaileek gogoratu zutenez, Burillo garaile atera zen hauteskundeetan, hark eginiko kanpainan, «euskararen inguruan lan egingo zuela» hitz eman zuen, baina egindako bidea oso murritza dela berretsi zuten IAko kideek. Hala ere, Burillok berak «lorpen asko» egin dituela aipatu du behin baino gehiagotan.
IAko kideek ez dituzte txartzat jo hark emandako pausoak nahiz aurrerabidearen neurrian bat ez etorri, izan ere, atzo adierazi zutenez, «ontzat» emango lituzkete, baldin eta «unibertsitate elebiduna» helburu balute. IAren esanetan, ordea, Burillok ez du hori behin ere adierazi, eta horren aurrean, honakoa erantzun dute: «gure konfiantza ez dugu berriz harengan jarriko benetako emaitzak ikusi arte». Hori guztia ikusirik, aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraituko duela berretsi du IAk.
|