Roberto Sainz «azken eraila» izan dadila exijitu dio Etxerat-ek PSOEri
PSOEk Bilbon duen egoitzaren parean protesta egin zuen atzo Etxerat-ek eta alderdi horri «sakabanaketa politika hiltzailea» amaitzeko eskatu zion ozen. Roberto Sainz «azken eraila» izan dadila exijitu eta azaldu zuten «ulergaitza» dela prozesuari bide ematea senide presoak halako bizi-baldintzetan izanik.
BILBO
PSOEk Bilbon duen egoitzaren pare-parean atzo eguerdian dozenaka lagunek egin zuten bat Etxerat-ek deitutako protestarekin. Euskal errepresaliatu politikoen senideek mezu argia zeraman pankarta eutsi zuten bitartean: «Sakabanaketa hiltzailea. Igor, Roberto maite zaituztegu».
Bi ertzainek patruila batekin egoitzaren ataria zaintzen zuten bitartean, elkarretaratzean Etxerateko eledun Estanis Etxaburuk hartu zuen hitza hedabideen artean, eta bertan azaldu zuenez, hitzorduaren xede nagusia hauxe izan zen: «PSOEri exijitzea Roberto Sainz izan dadila azken eraila».
Alegia, gogorarazi zuen azken egunotan Igor Angulo eta Roberto Sainz preso politiko bizkaitarrak «hil» egin dituztela, baina horien aurretik, orain hiruzpalau hile Jose Angel Altzuguren Kottorekin ere gauza bera jazo izana salatu zuen. «Azken hiru urteotan sakabanaketa politikak, PSOEk inda- rrean duen politika horrek, hamar pertsona hil ditu, eta martxan jarri zutenetik 38 lagun hil ditu», gaitzetsi zuen.
Hori hala, PSOEri exijitu zioten hildakorik gehiago ez izateko, bai eta senide presoen bizibaldintzak moldatzeko ere. Gainera, eskubideak errespetatu eta beren senide presoen Euskal Herriratzea eskatu zuten. Alegia, esan zuenez, senideek ezin dute ulertu presoak halako bizi-baldintzetan izanik prozesuari bide ematea. Gainera, «ulergaitza» ikusten dute alde batetik «konponbideaz mintzatzea» eta bestestik errepresaliatuak etxean ezin izatea.
«PSOEri behingoz bukatzeko esan nahi diogu. Bere garaian gerra zikina antolatu zuten, hainbat senide hil ziguten; oraingoan espetxe politika dute indarrean eta hildakoekin jarraitzen dugu», esan eta hauxe ere gaineratu zuen Etxaburuk: «Exijitu nahi diogu espetxe politika konponbide klabean jartzeko, eta ez errepresio bidean. Gaur egun Euskal Herrian elementurik bortitzena, hiltzen duena, Estatuaren biolentzia da, Alderdi Sozialistaren biolentzia».
|