LABek negoziazioa berrartzeko eskatu dio Nafarroako administrazioari
IRUÑEA
Nafarroako Administrazio Publikoko LAB sindikatuak «jai giroko elkarretaratze burrunbatsua» egin zuen atzokoan, Iruñeako Nafarroako Diputazioaren aurrean. Sindikatuak, horrela, administrazioak hitzarmenaren negoziazioan duen jarrera salatu nahi izan zuen, eta bi eskakizun egin, Negoziazio Mahaiko LABeko bozeramaileak, Txomin Gonzalezek, esandakoaren arabera: «Negoziazio prozesua berrartzeko eskatu nahi diogu administrazioari, eta gainontzeko sindikatuei berriz mugitu egin behar garela».
Azken bilera otsailaren 20an
Gonzalezek azken bilera otsailaren 20an izan zutela azaldu zuen. «Bilerara hiru sindikatu, UGT, CCOO eta Afapna, alegia, ez ziren azaldu, eta administrazioak ez zuen inongo aurrera pausorik eman», gaineratu zuen. Administrazioak hitz egiteko jarrera azaltzen ez duen bitartean LABek ekintzak egiten jarraituko duela gaineratu zuen. «Gure ustez, mobilizazioekin irtenbide batera irits gaitezke. Izan ere, guk egiten dugun irakurketan kontuan hartzen dugu datorren urtean hauteskunde foralak eta sindikalak izango direla, eta jakin badakigu hau ez dela oso egokia administrazioarentzat. Gauzak horrela, 2007ko urtarrilean langileek soldata igoerarik ez dela egon ikusten badute, hauteskunde sindikaletan guk langileei erantzunak eman beharko dizkiegu, baina haiek administrazioan lan egiten dugun 21.000 pertsonen eta euren familien bozak gal ditzakete», azaldu zuen Gonzalezek. LABeko ordezkariak, gainera, Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu zuen. «VolkswagenNavarran hitz egiteko eta jarrerak gerturatzeko esaten duten bitartean, etxean bertan eskatutakoa ez dute betetzen» esan zuen.
|