Musika doinuak iritsiko dira Abbadia jauregira
HENDAIA
“Kaperan, a kapela” zikloa antolatu dute Hendaiako Abbadia jauregiko kaperan. Bihar izango da lehen hitzordua, eta bertan, Josu Martinez, Urko Menaia eta Kattalin Indaburu kantari gazteak entzuteko aukera izanen da. Jauregiaren egile Antoine Abbadiaren filosofiarekin bat egiten duten ekitaldiak antolatzea erabaki du euskal kulturaren babesle hendaiarraren izena daraman fundazioak. Euskal Kultur Erakundeak eta Hendaiako Herriko Etxeak ere parte hartuko dute “Kaperan, a kapela” zikloa antolatzen. Abbadiako jauregiko kaperan egingo dituzten ekitaldi horietan, euskal kulturako kantari ezagunekin batera, euskal musikagintzaren munduan tokia egiten ari diren artistek ere izanen dute txokoa, tokiaren filosofiarekin bat egiten dutenek. Bere garaian Antoine Abbadiak bertsolariak eta pilotariak laguntzeko antolatzen zituen lehiaketek bezala. Abbadiaren bizitza eta jauregia hobeki ezagutu nahi dutenentzat, arratsaldeko bostetan hasiko den kontzertua baino ordubete lehenagorako bisita bat antolatu dute.
«Xoriei mintzo zen»
Joan den urrian Michel Labeguerie saria eskuratu zuten hiru gazteek azken horren “Xorieri mintzo zen” kantu famatua elkarrekin interpretatuko dute, eta gero Josu Martinez bilbotarrak, Iholdiko Kattalin Indaburuk eta Urko Menaia donostiarrak bere errepertorioko lauzpabost kantu abestuko dizkiete Abbadiako kaperara joandakoei.Indaburuk, azken urteetan Ipar Euskal Herrian ezaguna egiten ari den iholdiarrak, kontzertuan Marie Hirigoyenen laguntza izango du txistuarekin eta Philippe Alborrena gitarrarekin. Kontzertura joan nahi dutenek telefono zenbaki honetara deitu beharko dute tokiak eskuratzeko: 00 33 (0)5 59 20 04 51.
|