GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-18
«Sacamantecas»en krimenak, berriro ere auzitan
·Juan Diaz de Garaiori buruzko liburua plazaratu berri du Aitxus Iñarrak

1870eko hamarkadan, «Garaio-Sacamantecas» kasuak berebiziko zalaparta sortu zuen. Hainbestekoa, ezen egun ere haren oihartzuna entzun daitekeen. Gaiak argitaletxearen eskutik, «Juan Diaz de Garaio, Gasteizko Sacamantecas» plazaratu berri du Aitxus Iñarrak. Ibilbide kitzikagarri bezain aztoragarria, krimenari, sexualitateari, buru-osasunari eta, batez ere, orden sozialari buruz, XIX. mendean nagusi ziren ideietan barrena.

DONOSTIA

1870. eta 1879. urte bitartean, Egilazko jornalari batek, Juan Diaz de Garaio izenekoak, hainbat emakumeri eraso egin zien Araban eta Burgosen. Biktimak bortxatu eta hil egiten zituen, ez beti orden horretan, eta gorpuak modu ikaragarrian desitxuratuta uzten zituen. Horregatik eman zioten “Sacamantecas” ezizena, elezaharretako pertsonaia ezagunarekin bat zetorrena.

Aitxus Iñarra EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako irakasleak “Garaio-Sacamantecas kasua”ri buruzko doktore tesia egin zuen, eta horren ondorio da Gaiak argitaletxeak plazaratu berri duen liburua.

Tesian, kasuko alde konkretu bat aztertu zuen Iñarrak. Zehatz-mehatz aztertu zuen erakundeak nola baliatu ziren kasu hartaz herri xehea balio jakin batzuen arabera hezteko, diziplinatzeko, betiere indarrean zegoen orden sozial burgesa iraunaraztea helburu. Baina horren aitzakian, XIX. mendeko alderdi garrantzitsu asko ere aztertu zituen; hala nola, testuinguru sozioekonomikoa, herri klaseen egoera itogarria, karlisten azken porrotaren ondorengo foru ezabatzea, sexualitateaz eta krimenaz indarrean zeuden diskurtso nagusiak, buru-medikuntzaren hastapenak, munstrokeriari buruzko herri sinesmenak eta beste. Horiek guztiak islatzen dira “Juan Diaz de Garaio, Gasteizko Sacamantecas” liburuan.

Garaio, kopla-burukoa

Iñarrak berak GARAri adierazi zionaren arabera, Garaio «kopla-buruko» bihurtu zuten. «Garaio pertsona errealari, gizabanako biologikoari, herri tradizioan sustraituta zegoen Sacamantecasen munstro-izaera gaineratu eta ‘Garaio-Sacamantecas kasu’ bihurtu zuten», esan zuen. Hain justu, «metamorfosi» hori nola lortu zuten aztertu du batez ere Iñarrak.

«Garaio jornalari txiroa da, eskolagabea, bortitza... ezjakintasuna, atzerapena eta patologia ordezkatzen ditu. Hots, agintean daudenen ustez, herriak izan behar ez duena ordezkatzen du. Bada, nola izan behar du herriak, betiere haien ustez? Eredugarria, ilustratua... Eta nortzuk ordezkatzen dute eredu hori?Burgesek, jakina. Garaio mehatxu jasangaitza zen, fisiko zein sinbolikoki suntsitu beharrekoa, baina boterearen ikuspegitik, behintzat, ez soilik pertsonak ­normalean emakume nekazariak edo prostitutak­ akabatzen zituelako, gizartea, hau da, ordena, normaltasuna eta ongia arriskuan jartzen zituelako», ondorioztatu zuen Iñarrak.



Herri xeheak pairatzen zuen sufrimenduaren sinboloa
M.A.
DONOSTIA

“Garaio-Sacamantecas kasua”n, batez ere, botereak, herri klaseak diziplinatzeko, nolako masa-hezkuntza eta heziketa-mekanismoak erabili zituen ikertu du Aitxus Iñarrak.

Horretarako, kasu hartan nola edo hala parte hartu zuten agente edo «diskurtso-igorleak» banan-banan aztertu ditu, zehatz-mehatz, Ricardo Becerro de Bengoa kronikari eta garai hartako politikari arabar gorena, Jose Maria Esquerdo sendagile alienista, Ramon Apraiz sendagile higienista, epaileak eta herri xehea.

Guztiak aztertu ondoren, funtsean bi diskurtso nagusi baino ez daudela ondorioztatu du Iñarrak: bata «hegemoniko eta prestigioduna» da, politikari, sendagile eta epaileena, alegia; bestea, berriz, herri xehearena, «gutxietsia eta baztertua» dena.

Egia da diskurtso hegemonikoko igorleak ez datozela ehuneko ehunean bat. Esaterako, “Garaio kasua”ri esker Estatu espainoleko alienistarik ospetsuena izatera iritsi zen Esquerdo sendagile madrildarrak ez zuen heriotza zigorra eskatu, eroetxe zigorra baizik, baina ezadostasun horiek diskurtso instituzional nagusiaren «aldakiak» baino ez dira, Iñarraren iritziz.

Herri xehearen diskurtsoa, berriz, elezahar eta mitologiari lotuta, «autodefentsiboa» da. Herri xehearentzat ere «munstroa» da Garaio, elezaharretako Sacamantecas hezur eta haragizkoa. Baina munstrokeriari herriak ematen dion zentzua desberdina omen da. Diskurtso hegemonikoaren arabera, Garaioren munstrokeria mehatxua da, orden soziala kolokan jartzen duelako; herri diskurtsoaren arabera, berriz, irauteko mehatxua da.

«Herri xeheak pairatzen duen sufrimenduaren sinbolo da Sacamantecas», ondorioztatu du Aitxus Iñarra irakasleak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Abogados recalcan que la «doctrina Parot» vulnera la Constitución y contradice cientos de sentencias
Mundua
El Consejo de Europa aprueba la primera condena internacional del franquismo
Mundua
Llegan a Tenerife los cuerpos de los 25 africanos hallados el miércoles
Kultura
La Plataforma Amárica anuncia su disolución tras cuatro años de trabajo
Jendartea
Liberan con éxito a una mujer en Cruces de una «tripa» de más de 60 kilos de peso
Mundua
Ante el secuestro de Saadat
Euskal Herria
Grande-Marlaska pone fecha a la comparecencia de Arnaldo Otegi
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea