GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-03-18
AHT Gelditu!-k proiektua ekiditeko konpromisoak hartzeko deia egin du
"AHT gelditzeko milaka arrazoi daude: eman zeurea!" lemapean abiatu dute kanpaina berria. Azpiegiturak eragin ditzakeen kalteetatik abiatuz, hausnarketa egin eta «norberak ahal duen neurriko konpromisoa» hartzeko gonbidapena egiten dio gizarteari. Ekimenak martxoa eta maiatza bitartean iraungo du.

DONOSTIA

AHT Gelditu! Elkarlanak kanpaina berri bati ekingo dio martxoa eta maiatza bitartean. Azpiegituraren eraikitzea ekiditeko «milaka arrazoi» daudela argudiatuta, elkarlanak maila pertsonaleko zein kolektiboko konpromisoa hartzera gonbidatu nahi du gizartea: «Norberak ahal duen neurriko konpromisoa har dezala bideratu nahi dugu», azaldu zuten.

Gasteiz eta Madrilgo gobernuek AHTren obrak hasteko protokoloa sinatzea adostu dutela eta Nafarroako Gobernuak azpiegiturak Aralar zeharkatuz EAErekin lotzeko asmoa erakutsi duela ekarri zuten gogora. Elkarlanak zera irizten dio: «Horien diru eta botere grina larrutik ordaintzen ari gara eta inpunitate guztiarekin eta herritarren hitza aintzat hartu gabe, proiektua inposatzeko urrats berria eman dute».

Oposizio zabala, erantzun anitza

Proiektuak gizarteko sektore ezberdinengan eragiten duela argudiatuta aurkeztu zuten kanpaina berria. Ingurumenari, nekazaritzari, ekonomiari eta lurraldearen orekari «kalte larriak» eragingo zaizkiela ziurtatu eta, ondorioz, azpiegituraren aurkakotasuna «zabala eta anitza» dela azaldu zuten.

Elkarlanaren hitzetan, “AHT gelditzeko mila arrazoi daude: eman zeurea!” ekimenaren bidez bakoitzaren arrazoiari bidea emanez eta bakoitzaren konpromisoa bildu nahi dute. «AHTren inguruan gizartean dagoen desadostasun zabala argi eta garbi utzi nahi dugu, eta Euskal Herrian proiektu suntsitzaileari aurre egiteko energia alternatibo nahikorik badagoela frogatuko dugu».

Kanpainaren helburu nagusia gizarteak azpiegituraren aurkako jarrera aktiboa hartzea da, eta horretarako ardatz nagusia sinadura-bilketa izango da. Izenpetzearekin batera, AHTren aurka egotearen arrazoia emateko eta konpromiso bat hartzeko eskatuko zaio sinatzaileari.

Ekintza herriz herri garatuko dela azaldu zuten, eta izenpea eragile zein norbanakoak eman dezakeela. Era berean, kanpainak parte hartzeko bestelako bideak ere aurkezten ditu. Esaterako, informazio diptikoak banatuko dituzte eta ekimenarekin bat egiten duten ostalariek AHTrekiko aurkakotasuna adierazten duen txartela jarri ahalko dute saltokietan.

«Herritar guztiek, bakoitzak dagokion esparruan, egin dezake zerbait. Esaterako, norberak bere etxeko balkoian banderola jar dezake, baserritarrek nekazaritza azoka antolatu dezakete, bertsolariek bertso bat eskain dezakete, eskoletan margo lehiaketak egin eta erakusketa bat antola daiteke, mendi martxak...», azaldu zuten. Azkenik, gizarteari ekimenean parte hartzeko deia egin zioten.



Eragile ugarik sinatu dute ekimena garatzearen alde
A.A.
DONOSTIA

Kanpainari hasiera sendoa eman asmoz, zenbait eragile eta norbanakok AHT ekiditeko bidean hartu dituzten konpromisoak eman zituzten aditzera. EHNE kaltetutako nekazariei laguntzera konprometitu zen; Anoetarrok Auzolanean plataformak «inplikazio gehiago» eskaini zuen; Zintzilik irrati libreak AHTren aurkako ahotsa zabaltzeko asmoa agertu zuen; Juan Manuel Erasun herri kirolariak herritarren parte hartzearen beharra nabarmendu zuen; Aralarrek eztabaida zabaltzearen alde egingo duela esan zuen; Batasunak beste gizarte eredu baten alde egingo duela azaldu zuen; Xanti Anterok (Txan Magoa) «magia, ilusioa eta umorea desinformazioa garatzeko» erabiliko duela aipatu zuen; IñakiAntigüedad unibertsitate katedradunak balioetan oinarritutako gizartearen garrantzia nabarmendu zuen, Asier Coloma kazetariak hedabideetan eztabaida piztearen alde egin zuen, Ekologistak Martxanek proiektuaren jarraipena egingo duela hitz eman zuen, eta Jon Goikoetxea mendizaleak Shisha Pangmaren gailurrean AHTren aurkako bandera jartzeko konpromisoa hartu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Abogados recalcan que la «doctrina Parot» vulnera la Constitución y contradice cientos de sentencias
Mundua
El Consejo de Europa aprueba la primera condena internacional del franquismo
Mundua
Llegan a Tenerife los cuerpos de los 25 africanos hallados el miércoles
Kultura
La Plataforma Amárica anuncia su disolución tras cuatro años de trabajo
Jendartea
Liberan con éxito a una mujer en Cruces de una «tripa» de más de 60 kilos de peso
Mundua
Ante el secuestro de Saadat
Euskal Herria
Grande-Marlaska pone fecha a la comparecencia de Arnaldo Otegi
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea