Sagardoa eta kirola uztarturik Sagarrondotik-en
·Urnietako, Hernaniko, Astigarragako eta Usurbilgo taldeek desafioa jokatuko dute
Urnieta bilakatuko da bihar Sagarrondotiken eszenatokia. Bertan, goizeko hamarretatik aurrera, sagardo dastaketa eta artisautza azoka egingo dituzte. Goizeko hamaiketatik aurrera, Urnietako, Hernaniko, Astigarragako eta Usurbilgo ordezkariek herri kiroletan nor baino nor jardungo dute.
URNIETA
Sagarrondotik jaialdian, biharkoan, sagardoak eta kirolak hartuko die lekua musika kontzertuei.Goizeko hamarretan hasiko da Urnietako San Juan plazan sagardo dastaketa. Bertaratutako edonoren aukeran izango dira Urnietako sagardogileen zukurik hoberenak. Era berean, ikusgai izango dira Buruntzaldeako hainbat artisauren lanak. Orotara, hamabost postu jarriko direla jakinarazi dute antolatzaileek. Egur taila, harrizko artelanak, marketeria, keramika... Denetik ikusi eta, noski, erosteko parada izango da. Zintzurrari ez ezik, urdailari ere gozagarria emateko, goiz guztian txekor bat erreko dute, eta gero, eguerdi aldean, bertaratzen diren guztien artean banatuko dituzte pintxoak. Guztia kale animazioak alaituko du; izan ere, goizean goizetik hasita, musika doinuek hartuko dituzte Urnietako kaleak. Bihar Urnietara bertaratzen direnek izango dute azken urteetan arrakasta itzela izan duen beste ikuskizun batekin gozatzeko parada, herri-kirol ikuskizunarekin hain justu; izan ere, goizeko hamaiketatik aurrera herri kirol desafioa jokatuko dute Usurbilgo, Hernaniko, Urnietako eta Astigarragako ordezkariek. Herri bakoitzeko taldeek, 17 lagunez osatuta daudela, euren indarrak neurtu beharko dituzte hainbat frogetan. Besteren artean, honako frogak egin behar izango dituzte: txinga lasterketa, sagar biltzea eta garraioa, sagar zakua bizkarrean hartuta lasterketa, ingudea; sokatira eta harri jasotzea. Frogak ahalik eta hoberen egiteko, herri bakoitzeko taldeek asteetan jardun dute prestatzen. Iaz, Urnietarrek lortu zuten garaipena, eta orain bi urte, berriz, hernaniarrek lortu zuten. Aurten nor izango ote da talderik sasoitsuena?
|