GASTEIZ
Aralarrek Lakuari eskatu zion tokiko telebista digitalen esleipenak egitean euskararen balorapena egiteko, lan egiten duen eremuaren ingurune sozialaren arabera. Era berean, euskara indartzeko esleitu dituzten diru laguntzak aztertu eta ebaluatzeko eskatu zuen. Gasteizko Parlamentuak Aralarren lege proposamenari aurkeztutako osoko zuzenketa onartu zuen atzo.Osoko zuzenketak aurrera egin zuen hirukoaren eta PSEren botoekin; PPk abstentzioaren alde egin zuen; eta Aralar eta EHAK-k kontrako botoa eman zuten. Horretaz gain, azken bi taldeok begi onez ikusi zuten barruti bakoitzean euskaraz emititzen duen telebista bati esleipen bat erreserbatzea, nahitaezko diru ezarpenak jartzeko dirulaguntzak ematea eta euskaraz emititzen duten kateei laguntza ematea digitalizazio prozesuari egokitzeko.
EAJko ordezkari Luke Uribe-Etxebarriak azaldu zuen ez zela posible izan Aralarrekin akordio batera iristea, nahiz eta hainbat puntutan ados zeudela onartu. Haren esanetan, kateok jostarazi behar badute ere, ez dute kalitatea ahaztu behar. Alde horretatik, proiektu horiek «bideragarritasun ekonomikoa» izan behar dutela adierazi zuen eta zonalde bakoitzeko hiztunen beharretara egokitu behar dutela.
PSEko Antonio Riverak hirukoaren proposamena eta egiten ari den dekretua defendatu zituen. Telebista kateei «bideragarritasun ekonomiko eta teknikoa» eskatu behar zaiela adierazi zuen, eta dekretuaren zirriborroan euskararen babesari 20 aipamen egiten zaizkiola azaldu zuen, «egokia», Riveraren esanetan.
«Hutsuneak daude»
EHAK-ko ordezkari Nekane Erauskinek azaldu zuen hirukoak aurkeztu duen proposamenean euskaren tratamenduan hutsuneak daudela. Alde horretatik, adierazi zuen Lakuak eremu bakoitzean euskaraz emititzen duten telebista kopuru zehatz bat bermatu behar duela, eta gainerakoak hiztun kopuruaren arabera zehaztu behar direla. Aralarreko parlamentari Aintzane Ezenarrok azaldu zuenez, Lakuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bereiztuko diren hamabost barrutietako bakoitzean euskaraz emititzen duen tokiko telebista digital bat egotea bermatu behar du. Alde horretatik, Ibarretxeren Gobernuak aurkeztutako zirriborroan «euskaldunak ez direla kontuan hartzen» salatu zuen.
PPko Carlos Urquijo ados agertu zen Lakuaren dekretuak batzen dituen asmoekin. Haren esanetan, «kate esklusiboak» ez dira beharrezkoak, euskarari jada nahikoa ematen zaiola uste baitu.
EAko Onintza Lasak hirukoaren eta Aralarren proposamenak bateragarriak direla adierazi zuen.
EBko Oskar Matutek Lakua bideratzen ari den dekretuan euskarak «toki gailena» duela adierazi zuen.