- N1
Irabazi beste aukerarik ez du Avironek
BAIONA
Irabazi beste aukerarik ez du Aviron Baionakoak, sailkapeneko azken-bigarren postuan baitago. Hori bai, azkeneko bi partidak ez ditu jokatu, bertan behera gertu baitziren, eguraldia medio.Zuri-urdinak Moulinsen arituko dira gaur 18.30etatik aurrera. Euskaldunak baino postu bat gorago daude puntu bat gehiagorekin. Irabazita, beste emaitza batzuk ikusi beharko dira, baina bi partida gutxiagorekin zulotik irteteko modua egin dezakete, eta horrek indar handia eman behar die. Paueren aurka etxean galdu zutenetik ez dute berriro jokatu, eta horrek kezka sortu du taldean, baina jakin badakite galtzen badute atzera pausoa emango dutela. Datozen partida guztiak jaitsierako postuetan dabiltzan taldeen aurka dituzte, eta hor batu behar dira puntuak, bestela, denboraldiaren amaieran inork nahi ez duena gertatzeko arrisku handia dago-eta. Aviron taldea ez zen aurten beheko postuetan aritzeko egin, beste helburu batzuk baitziren denboraldiaren hasieran. Denboraldi erdira bitarte, gainera, igoerako postuak gertuago izan dituzte jaitsierakoak baino. Azkenaldian, ordea, ia ez dute partidarik irabazi, eta horrek dauden lekura bidali ditu. Orain ezin dira horri begira egon, eta ahalik eta azkarren hasi behar dute puntuak batzen, hortik irten eta denboraldi amaiera lasaia izateko. Hamaikakoa honako hau izan daiteke: Ruffier, Lestage, Talmont, Laporte, Pardeilhan, Choplin, Chakir, Louit, Vaz, Ipharragerre eta Vareilles. Bouet, Degoul, Bidegain, Sautie eta Ech Chergui aulkian geratuko dira. Estrade, Sergent eta Lalane baja dira.
|