- Iritzi bilketa -
Kirol munduko jendeak Aimar eta Oierren alde egiten du
Finalaren atarian, kirol munduan protagonista izan den hainbat pertsonaren iritzia ezagutu nahi izan dugu. Bakoitzak bere ezagutzatik, finala nola ikusten duen adierazi dio GARAri, eta, dirudienez, gehienek Aimar Olaizolaren eta Oier Zearraren alde egingo lukete. Parekotasuna da, hala ere, gehien errepikatu diguten hitza.
Nola ikusten duzu finala? Faboritorik?
Zer nabarmenduko zenuke pilotari edo bikote bakoitzetik? Zein izan da txapelketako ezustekoa? Eta baieztapena? Bihar Gasteizen jokatuko den finala jarraituko al duzu?
Koteto Ezkurra | Erremontista
Finala oso parekatua dago. Bi aurrelariak punta-puntakoak dira eta lehia atzean erabakiko dela iruditzen zait. Baina ni «olaizolista» naiz eta horregatik berak irabaztea gustatuko litzaidake. Aimarrek eta Oierrek ez dute ezer oparitzen, eta segurtasun hori da bere punturik sendoena. Beste aldean Irujoren izaera eta indarra nabarmenduko nituzke. Eulate, zalantzarik gabe. Besteak lehendik ere ezagutzen genituen. Konfirmatu da hor aurrera beti berdinak iristen direla. Beste batzuk pixkabat jaisten diren bitartean, Aimar eta Irujo luzerako izarrak izango direla. Noski baietz. Esku pilota oso gustuko dut eta finala ez dut galduko.
Txus Jaio | Pilotua
Nahiko berdinduta ikusten dut finala. Irujok kolpe gehiago duela iruditzen zait eta Olaizola II.ak pilota gutxiago galduko duela. Baina egia esan behar badut, ez nuke sosik jokatuko ez baten eta ez bestearen alde.
Aurrelarien artean ez dut alde handirik ikusten, biek dute esperientzia horrelako partidetan. Atzelarien arten, ordea, Zearra Eulate baino eginago dagoela uste dut.
Ezusteko gutxi. Aimar eta Oier hasieratik irten ziren faborito moduan, eta finalean dira. Eta Irujok ere bere maila onena eman du.
Onenak zein diren ikusi da berriz ere.
Tokatzen da. Telebistaz bada ere, finala ikusi gabe ez naiz geratuko.
Alberto Martin | Eskubaloi jokalaria
Gustatzen zait, baina ez dut denbora gehiegi izaten pilota jarraitzeko. Faboritoak, agian, Olaizola eta Zearra izango dira. Aimar oso ongi dago eta, irakurri dudanez, litekeena da irabaztea.
Irujo besteak baino biziagoa da frontoian, baina Olaizolaren eta Zearraren lasaitasuna eta esperientzia oso garrantzitsua izan daiteke, are gehiago, final bat dela kontuan hartuta. Irujok bere eguna duen edo ez ikusi beharko da.
Egia esateko, txapelketa ez dut gehiegi jarraitu, baina Eulate finalean ikusteak poztu egiten nau.
Bi aurrelariak, Irujo eta Aimar Olaizola.
Granollersen aurka jokatzen dugu eta ez dut uste ahal izango dudanik.
Goenatxo | Harri-jasotzailea
Partida oso gogorra, bizia eta borrokatua izango da. Faboritoak ematea oso zaila dago baina nik Aimar eta Zearra pixka bat aukera gehiagorekin ikusten ditut.
Aimar Olaizola asko gustatzen zait. Frontoian egoten daki eta kontrarioari atzeman egiten dio jokaldia; aurreratu egiten da. Irujoren indarra ezagutzen dugu eta hor ez dago sekreturik.
Eulatek lehen aldiz hartu du parte eta finalean dago, baina sorpresa ere ez da jarri dioten aurrelaria kontuan hartuta.
Olaizola eta Irujo finalera iritsi dira eta sarrera guztiak airean saldu dira. Horrekin dena esanda dago.
San Joseak Loiolan eta erakustaldi bat daukat, baina saiatuko naiz grabatzen.
Unai Yus | Txirrindularia
Pilotan eta final bat izanda edozer gerta daiteke, materiala ere ikusi egin beharko da. Baina dena ongi irtenez gero, Aimarrek eta Oierrek irabaztea espero dut eta nahiko nuke.
Aurrean ez dut ikusten alde handirik Olaizola II.a eta Irujoren artean. Baina atzean Zearraren erregulartasuna erabakigarria izan daiteke, batez ere, fisikoki ongi prestatzen baita.
Martinez de Eulate izan da ezusteko pozgarriena. Finaleraino heldu da eta Txapelketa biribila irten zaiola esango nuke.
Oier beti ezkutuan egon izan da, baina lesioak errespetatu diotenean beti maila ona eman izan du.
Jarraituko dut eta Oier animatzen saiatuko naiz.
Juan Mari Lujanbio | Patroia
Oso-oso zaila dago izen bat ematea irabazletzat. Aimar Olaizola ezagutzen dut, noiz edo noiz batera izan gara masajea hartzen, eta horregatik Olaizolaren eta Zearraren alde pixka bat.
Nik uste bi bikoteek goraka egin dutela txapelketa hasi zenetik. Esan dut, Aimar eta Oier oso ongi ikusten ditut, baina Irujo eta Eulate ere gora etorri dira.
Eulatek konfiantza handia hartu du Irujo aurrean edukita. Lasaiago jokatu du, bere lana eginez, eta oso lehiaketa ona atera zaio.
Lau finalistak merezita iritsi dira dauden lekura, laurak aipatuko nituzke.
Bai. Pilota emazteari eta hamar urteko alabari ere asko gustatzen zaie.
Martxel Toledo | ESAITeko kidea
Final batean frontoian egoten jakiteak asko balio du eta, alde horretatik, Aimarrek eta Zearrak esperientzia handiagoa ote duten iruditzen zait. Oso-oso irabazleak direla uste dut.
Aimar Olaizola buruz eta gorputzez oso azkarra da eta Irujok, berriz, zartada handiagoa du. Atzean, oraindik Zearra Eulate baino gehixeago dela iruditzen zait.
Eulatek lehen aldiz jokatu du Binakakoa, eta Irujorekin jokatzea sekulako presioa izan daiteke, baina plaza gizona dela erakutsi du eta finalerako aukera bat eman beharko diogu.
Aimar Olaizola eta Oier Zearra aurrean ikustea.
Zuzenean ez, baina telebistan ikusiko dut.
Dier Aizpurua | Piraguista
Finala parekatua izango delakoan nago. Bi bikoteek erakutsi dute indartsuenak direla, eta finalean ongi jokatu eta lesiorik ez izatea bakarrik eskatu behar da.
Bihotzak pixka bat Aimarren eta Oierren alde eginarazten didate, baina argi dago lau pilotariek dutela zer erakutsia. Baina esandakoa, lau onenak izan dira.
Eulatek ezustekoa eman du, baina zortea izan du Irujorekin jokatzean. Irujo garairik onenean iritsi da txapelketa honetara.
Ikusi da Aimar maila onean dagoela. Hirugarren txapela jarraian irabazteko aukera du eta modalitate guztietan moldatzen da ongi.
Ez dut uste. Galizian gaude Espainiako Txapelketa jokatzen eta finalak errepidean harrapatuko nau.
El martes se presentará el Manomanista
La presentación oficial del Manomanista tendrá lugar el próximo martes en el salón de actos de la BBK de Bilbo a partir de las 11.00 de la mañana.
Final de Segunda por parte de Asegarce
Arretxe II-Begino y Retegi Bi-Mendizabal protagonizan hoy en el Labrit la final de Segunda en la rama de Asegarce. Buena oportunidad para los cuatro jovenes.
|