Aralarren ekimenez, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kul- tura Batzordeak erresoluzio bat onartu berri du Eusko Jaurlaritzari eskatuz haurreskolen egunen eskaintza luza dadin, 212 egunetik 221era. Ekimen horren helburua omen da gurasoen eskaria eta familia eta lan-bizitza uztartzea.Erabaki hori hartzeko unean erabili dituzten argumentuen artean dugu haurreskolen kalitatezko zerbitzua bermatu behar dela, eta zentro horien izaera hezitzailea indartu behar dela. Baina neurri horiekin, hain zuzen ere, horixe jartzen dute arriskuan, haurreskolen funtzionamenduan, ematen den zerbitzuan, eta haur eta langileengan eraginak izango baitute.
1. Egutegia haurreskoletako langile, guraso eta Udaleko ordezkariek erabakitzen dute. Orain artean ez da arazo larririk izan, eta adostasunez erabaki da egutegia. Zein azterketa edo aurreikuspen egin da orain bederatzi egunez zentroen eskaintza luzatzeko halako beharra ikusteko? Ez dugu ulertzen memento honetan zergatik puztu den «behar» edo eskaera hau.
2. Nola antolatuko dira egun horiek? Ordezkoekin? Haurrak beste zentro batera bidaliz? Nola gestionatuko da auzia?
Badirudi hainbat unetan haurren behar eta eskubideak ahaztu egiten zaizkigula. Izan ere, haurraren eskolaratzean garrantzia berezia ematen diogu haurraren egokitzapen prozesuari, haurrak eta hezitzaileak elkar ezagutzeari... Lan hitzarmenean jasotzen dena errespetatuz, bederatzi egun horietarako ordezkoak bidali beharko lituzkete, edota bestelako antolaketaren bat diseinatzen bada, haurra beste zentro batera bidali. Nola bermatuko da haurraren egokitzapen prozesua? Ez al da ezinbestekoa haurrak erreferentziazko pertsonak eta espazioak izatea? Haurra eta bere ohitura eta erritmoak ongi ezagutzea?
3. Izaera asistentzialaz gain, haurreskolen izaera hezitzailea ere benetan indartu nahi bada, zentroen funtzionamendua proiektu pedagogiko serio eta kalitatezkoa funtsezkoa da. Hori da eskatzen dieguna gure ikaste- txeei haur hezkuntzan, lehen hezkuntzan... Haurreskoletan, berriz, ez diegu helburu eta irizpide pedagogikoei begiratu nahi, ala?
4. Familia eta lan-bizitza uztartzeko neurriak hartu behar dira, jakina, baina neurri horiek ezin dira hartu soilik eskoletara begira. Legeak beste arlo batzuetan hobekuntzak ere behar dituela uste dugu, haurrak behar bezala hazi eta hezi ditzagun, esaterako gurasoen lan baldintza eta baimenen arloan.
5. Azkenik, ezin ditugu ahaztu langileen lan baldintzak. Hitzarmenarekin langileentzat lan baldintza duinak lortzen direla-eta, poztu egiten direla diote. Baina itxuran, ez diete kezka handirik eragiten bederatzi egun horiek betetzeko kontratatu beharko diren langileen baldintzak, neurri horiek zentroaren funtzionamenduan eta gestioan (koordinazioan, proiektuan...) izango dituzten eraginak...
Hitz gutxitan esateko, erresoluzioa hartzean ez dituzte haren ondorio eta eraginak neurtu, eta ez da ikuspegi pedagogikorik izan. Gainera, haurreskolen ibilbidean atzera pausoa iruditzen zaigu, eta haurreskolen izaera asistentzial hutsera garamatza berriz. Izan ere, egutegia bera haurraren, familiaren eta gizarte osoaren beharrei erantzuteko tresna da, ez helburua bere baitan. -