«Atzera egiteko garaia duzue»
Ozenago agian esan daiteke nahiz eta2.000 lagunen ahotsak baduen indarra baina garbiago esaten zailadago. «Errausketarik ez, alternatibak badaudelako». Txingudi Bizirik plataformak deituta, 2.000 lagunek egin zuten Hendaiatik Irunerako bidea atzo. Abisu garbia bidali zieten agintariei, errausteko plantaren asmoa bazterrean utzi eta lanean serio hasteko.Errausteko plantaren eraikuntza uda honetan hasteko tentaldia uxatzekoera eskatu zieten.
Mezu garbia bidali zieten agintariei atzo Irungo San Juan plazan bildutako 2.000 lagunek: «Atzera egiteko garaia duzue». Horrela laburbildu zuen Txingudi Bizirik plataformako Urko Ikardok manifestaziora bildutakoen oihua. Errausteko plantaren egitasmoarekin ez jarraitzeko eskatu zuten, alternatibak egon badaudelako. «Benetako irtenbideak behar ditugu, iraunkorrak. Horretan gure ekarpena egiteko prest gaituzue, baita bidelagun izateko ere. Aitzitik, egitasmoarekin aurrera jarraitzen baduzue, orain arte bezala herritarron eskakizunei entzungor eginez, orduan, parez pare izango gaituzue», agertu zuen bozeramaile lanak egin zituen Ikardok. Horiek hala, «zorigaiztoko egitasmoa» gelditzeko eta errausteko plantaren asmoa bazterrean uzteko eskatu zuten Txingudi Bizirik plataformakoek. Bide horretan, zabor kopurua murrizteko neurriak hartzeko, zabor kopuruaren araberako tasak sortzeko eta gaikako bilketa sustatzeko eskatu zuten. Gainera, eskualdeko agintariei abisu garbia bidali zieten: «Uxatu uda honetan eraikuntza lanak hasteko tentaldia. Ez duzue herritarron borroka geldiaraziko».
Hurrengoa, donostian
Manifestazioa Hendaiako udaletxetik abiatu zen eta 17.30ak inguruan iritsi zen Irungo Ficoba erakustazokara, Santiago zubitik barna etorrita. Ordurako, ehunka lagun zeuden zain Ficoban, protestarekin bat egiteko. Eguraldia ere portatu zen eta azkenerako 2.000 bat lagun bildu ziren.Bi pankartek ireki zuten bidea; lehenak “Alternatiben alde” leloa zuen, eta “Errausketarik ez” leloa bigarrenak. Eta ederki asko laburbiltzen zuten bi pankartok manifestazioaren mamia, horixe esan nahi baitzuten manifestariek, errausteko planta ez dela dagoen bide bakarra, eta, gainera, bide txarrena dela. Beste pankartarik izan zen San Markosko zabortegia ixteko eskatzen zuena, esaterako, Oreretako bizilagunek ere ez baitzuten huts egin nahi izan. “Ez, ez, ez, errausketarik ez” izan zen gehien entzun zen oihua, eta doinu bereziz gainera, euskarazko, gaztelerazko eta frantsesezko doinuak nahasten baitzituen oihuak. Ficoba erakustazoka pasatuta, Iparralde etorbidetik gora Irungo udaletxe pareraino iritsi zen manifestazioa. Txalapartak egin zien ongietorria manifestariei eta denak plazan bildu zirenean, Txingudi Bizirik plataformakoek euren eskakizuna irakurri zuten. Amets Arzallus bertsolaria ere bertaratu zen protestara eta, noski, bertso batekin babestu zuen eskakizuna. «Zabor artean sartu gaituzte eta orain nola irten/ gure bizitza molda dezagun ez ondorengoeri ken/ politikoak gaizki dabiltzan badut nahiko irudipen/ kostatzen zaie zaborrarekin nola asmatu jakiten/ ta badakite etxebizitzak haize gainean egiten», abestu zuen Arzallusek. Errausketaren kontrako oihua ez da isilduko zaborraren arazo larria konpondu bitartean, eta abisu horixe eman zuten atzo behin eta berriz. Oraingoz, jarria dute datorren hitzordua: maiatzaren 13an manifestazioa izango da Donostian. -
Donostialdeko zaborrak nora eraman jakin gabe
DONOSTIA Gipuzkoako Foru Aldundia presaz ari da Donostialdeko zaborra eramateko toki bila. Izan ere, Gipuzkoako zabortegi nagusia San Markosekoa da, eta hango Mankomunitateak aste honetan bertan erabaki du urte honetan ixtea. Donostia, Orereta, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Usurbil, Urnieta eta Astigarrako zaborrak eramaten dira San Markosera. Aldundiaren planen arabera, errausteko planta 2011. urterako izango da martxan eta, ondorioz, bien bitartean zaborrak nora eraman ez dakiela dago Aldundia. Berriki jakitera eman duenez, dagoeneko hasiak dira Gipuzkoatik kanpoko aukerak aztertzen, eta Hego Euskal Herriko gainontzeko herrialdeekin harremanetan jarri dira. Hasiera batean, Gipuzkoako beste hiru zabortegietan banatuko dute Donostialdeko zaborra. Hala ere, bide motzeko irtenbidea da hau, Lapatx,Sasieta eta Urtetako zabortegiek gutxi falta baitute gainezka egiteko.
|