PSEk Bilboko metroaren 3. Linea defendatu du
PSEk Lakuako Gobernuak eta Bilboko Udalak metroarekin dituzten asmoak kritikatu zituen. Erakundeek tranbiaren ibilbidea luzatu nahi dute, beste auzo batzuetara heltzeko. PSE ez dator horrekin bat, metroaren 3. linearen alde agertu baitzen, eta era horretan auto-pilaketen arazoa konpon daitekeela gehitu zuen.
BILBO
PSEk Bilboko metroaren 3. linea eraikitzearen inguruan, hiriko lau auzoetan herri kontsulta egiteko eskatu dio Bilboko Udalari. PSE-EEko koordinatzaileak, Rodolfo Aresek eta alderdi bereko Bilboko Udaleko bozeramaileak, Txema Oleagak, Lakuako Gobernuak eta Bilboko udaletxeak metroarekin dituzten asmoak kritikatu zituzten, azken horien helburua tranbiaren ibilbidea Errekalderaino luzatzea baita. Horrez gain, erakundeek Euskotreneko ibilbidea handitu nahi dute Etxebarri eta Alde Zaharraren artean. PSEren asmoa Errekalde eta Otxarkoaga auzoetan metroaren 3. linea eraikitzea da, alderiaren ustez, tranbiak ez duelako auto-pilaketen arazoa konpontzen. Hori dela-eta, PSEk herri kontsulta egiteko eskatu dio Bilboko Udalari, Errekalde, Uribarri, Abando, Otxarkoaga eta Txurdinaga auzoetako biztanleek gaiaren inguruan haien iritzia eman dezaten. Horrez gain, PSEk metroaren 3. linea eraikitzeko legebiltzarreko aginduak betetzeko eskatu dio EAJri. Aurreko asteazkenean, Lakuako Gobernuak eta Bilboko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuten tranbiaren A linea sortzeko. Ibilbideak Basurto eta Errekalde auzoak lotuko ditu eta 7, 4 milioi euroko inbertsioa egingo dute horretarako. Aresen ustez, EAJ Bilboko herritarrak «engainatzen» ari da, azkenengo udal hauteskundeak arte, alderdi guztiak metroaren 3. linearen alde baitzeuden, Errekaldeberritik Otxarkoagaraino joango zenaren alde, hain zuzen ere. Hori dela-eta, Aresek jeltzaleak kritikatu zituen, «hauteskunde promesa bat ez betetzeagatik eta Bilboko herritarrei ziria sartu nahi izateagatik». Bestalde, Aresek esan zuen bere alderdiak ez zuela inondik inora metroaren ordezkorik onartuko. Horrez gain, alderdiak planteatzen duen proiektuak auto pilaketen arazoari konponbide modernoak emango dizkiola esan zuen. PSEk gehitu zuen ez dutela nahi auzo horietan bizi diren 150.000 biztanleak bigarren mailako herritar sentitzerik. Gainera Errekalde auzotik tranbia pasatzekotan, auto pilaketen arazoa areagotuko litzatekeela adierazi zuen, eta bere ustez, aparkaleku gutxiago egongo lirateke. Horrez gain, PSEko koordinatzeileak Gasteizko gobernuak metroaren 3. linea eraikitzeko errekurtsoak dituela gaineratu zuen.
«Proiektua egingo da»
BILBO PSEk Gasteizko Gobernuko garraio sailburua deituko duela esan zuen, parlamentuko bilkuran «zergatik ez dituen agindu parlamentarioak bete» azaltzeko. Horrez gain, Rodolfo Aresek metroaren 3. linearen proiektua aurrera eramango dutela ziurtatu zuen, haren ustez, «proiektu serioa delako eta Bilboko herritarren behar bat asetzen duelako». Horrez gain, Txema Oleagak hirukoari leporatu zion Errekalde auzoa isolaturik uztea eta hiriko beste zonalde batzuei eman zaien tratua ez ematea. Gainera, PPri exijitu zion errealitatea ez manipulatzeko eta gezurrak ez esateko, PSEk 3. linearen defentsa bertan behera utzi zuela esateagatik.
|