BILBO-BAIONA
«Guk hartutako bidea zuzena da, eta bere fruituak emango ditu... Gu gabe ez da egongo inongo prozesurik». Adierazpen horiek Ibon Arbulu preso politiko ohiak egin zituen atzo bere omenez Bilboko Santutxu au- zoan izandako ekitaldian.Otsailaren 28an askatasuna berreskuratu zuen bilbotarrari ongi etorria egitera ehunka lagun bertaratu ziren Karmelo plazara. Han gogorarazi zuten Arbuluk 2003ko maiatzean alde egin behar izan zuela Udalbiltzaren aurkako polizia operazioa zela-eta. Lan politikoa egiten segitu zuen 2005eko urta- rrilean Polizia frantsesak atxilotu zuen arte; eta euroaginduaren bitartez, maiatzaren 6an Espainiako polizien esku utzi eta Soto del Realen sartu zuten.
«Ibon ongi etorri. Borrokaz irabaziz. Amnistia eta askatasuna» leloa zuen pankarta atzean zuela, dantzarien jarduna ezezik Arkaitz Estiballesen ber- tsoak ere izan zituen atzo Arbuluk, eta ekitaldi hasieratik oholtza gainean semea izan zuen aldamenean, txapel eta guzti.
Etxeko txikiak irribarrez lagundu zion gero auzoko elkarte zein eragile ugarik hitzordurako espresuki atondutako opariak jasotzen. Atzo, gainera, urtebetetzea zuen Arbuluk.
Bestetik, Ruben Nietok Navalcarnerotik igorritako eskutitza ere irakurri zuten gero, baina auzoko errepresaliatu poli- tiko oro gogoan izan zituzten: Preso eta iheslarien senideak igo ziren oholtzara, argazki banarekin, eta lore zein txalo zaparrada eskaini zieten gogoz.
«Sentimendu gazi-gozoa»
Amnistiaren aldeko mugimenduko kide batek ezezik, Arbuluk berak ere hartu zuen gero hitza. Sentimendu «gazi-gozoak» dituela esan zuen: «Barruan gelditzen direnak» zein «hil egin dituzten bi burkideak» gogora ekarri zituen hala, berriz auzoan egoteak eragiten dion pozarekin parez-pare.
Bidean izan diren eta izango diren oztopoez harago, preso ohiak zera esan zuen: «Guk argi dugu zein den bidea. Euren asmoa da gu gure karriletik ateratzea, baina ez dute lortuko».«Mobilizatzeko garaiak» direla esan ostean, Igor Angulori zein Roberto Sainzi eman ahal zaien «omenaldirik onena garaipena» izango dela ere esan zuen Arbuluk. «Eusko Gudariak» ozen batek agurtu zuen hitzordua, eta gero herri bazkaria ere izan zen Bilbon.
Bien bitartean, bestetik, berrehun bat lagunek parte hartu zuten Baionan Mirian Inçabi preso ohiari eskaini ongietorrian. 2003ko urrian atxilotu zuten euskal herritarrak seme-alabak izan zituen alboan.
Saint André plazan egindako ekitaldiaren hasieran Askatasunako kide batek Estatu frantseseko bakartze eta sakabanaketa politika gaitzetsi zituen, eta besteren artean esan zuen gatazka konpontzeko prozesurik izan dadin euskal preso politikoen eskubideak errespetatu egin behar direla.
Opari ugari jaso ostean, jada preso politiko ohia denak, hunkiturik, maitasun eta elkartasun keinuak eskertu zituen.