Seiurte «Jauzia» prestatzen ari da apirilerako
Seiurteren jarraitzaileek disko berria izango dute esku artean apirilerako. «Jauzia» izenburuarekin kaleratuko da hamar abesti berri bilduko dituen CDa. Pop-rockaren bidetik ibiltzen jarraitzen du laukote bizkaitarrak. Oraingoan, autoekoizpenaren aukera jorratu dute, eta pozik dira emaitzarekin.
BILBO
Julen Oarbeaskoak (baxua), Iokinek (gitarra), Iñakik (gitarra) eta Ekain Elortzak (bateria) disko berria Metak zigiluarekin plazaratzea zuten pentsatuta. Diskoetxearen itxierak aurrez finkaturiko plan guztia bertan behera utzi arazi zien. «Noraezean bezala gelditu ginen, nora jo jakin gabe», onartu du Iokinek, GARArekin hizketan.Albiste txar hura jaso orduko, etxean, Berrizko baserri batean duten estudioan sartuta zeuden eta grabatzen hasita.Hainbat aukera aztertu ostean, diskoa euren kabuz kaleratzearen alde egin zuten taldekideek. «Erabaki genuen guk aurrera egitea eta diskoa geuk ataratzea», esan zuten. Horretarako, diskoetxe bat sortu behar izan dute: Estoldetan du izena. «Gauzak zail daude mundu honetan, eta gustatuko litzaiguke beste talde batzuei laguntzea, baina kontu handiz ibili behar da. Horregatik, lehenengo gure disko honekin zer gertatzen den ikusi beharko dugu», erantzun dute Seiurteko musikariek Estoldetan proiektuaren etorkizunari buruz galdetu diegunean. Materiala grabatuta, masterizazioaren zain daude. Azken fase hori LorentzoRecods estudioan egingo dute, Berrizen hori ere. «Diskoari azken ukitua hantxe emango diogu. Komeni da lan hori ahalik eta baldintza onenetan egitea, estudio profesional batean, etxekoan egindako lanari nolabait distira emateko», aipatu du Iokin Elortzak. ‘‘Jauzia’’ apirilerako egongo da kalean. Izenburu bereko abesti bat dago diskoan, baina beste esanahi bat ere badu portadako hitz horrek Seiurteko kideentzat. «Diskoetxea sortzearena, diskoaren prozesu guztia guk kudeatzearena, guretzako jauzi bat izan da.Disko hau jauzi baten ikurra da, pausu garrantzitsu bat», esan dute.
Dantzarako musika Hamar kanta berri bildu dituzte. Musikaren aldetik orain artekoari eutsi dio ‘‘Jauzia’’k. «Esan dezakegu disko erdia aurreko diskoaren ildotik abiatu dela, badira lau edo bost abesti aurreko diskoan lekua erraz aurkituko luketenak. Baina besteekin sorpresa emango diegu geure jarraitzaileei», esan zuten Berrizko taldeko musikariek.
Pop-rockaren bidetik ibiltzen jarraitzen dute, baina erritmo eta doinu berriekin ausartu dira Elortza anaiak eta Oarbeaskoak. «Badira kantu rockeroagoak, dantzarako gonbita egiten dutenak. Orain arte inoiz ukitu ez ditugun tokitan sartzen gara disko honekin», esan dute.«Aurrean dugu bide zabala eta bazterrean diren gauzak hartu eta frogatuz goaz, baina bidea galdu gabe: gurea pop-rocka da», esan du Iokinek.
Aitor Agirre eta sorpresa bat Diskoan Betagarriko gitarra eta Zer taldeko abeslari Aitor Agirrek koruetan parte hartu du abesti batean. «Gainera, badugu sorpresatxoren bat, baina ezin dugu aurreratu», esan dute.
Hizkiei dagokienez, abestietan sentimenduak azalerazten dituzte eta ikuskizunaz, telebistaren munduaz badute zeresanik diskoan. Gaua ere inspirazio iturri izan dute. «Norberari begira egon gabe, munduari begira idatzitakoak dira», esan du Iokin egileak. Diskoaren azala Ibai Elortzak egin du. Seiurte 1997an sortu zuten. 2003an kaleratu zuen lehen diskoa, ‘‘Bapatean’’ izenburukoa. Hurrengo urterako bazuen bigarrena dendetan, ‘‘Ekiozu’’, eta ez da denbora gehiegi igaroko ‘‘Jauzia’’ lan berria entzun orduko. Apirilaren erdialderako izango da eskuragarri.
|