- CFA eta N1
Genetsek aurrera urrats handia eman du
GENETS 2 RODEZ 1
ANGELU
Genetsek mailari eusteko urrats handia eman zuen atzo sailkapeneko lehenengoa mendean hartuta. Hori-berdeek denboraldiko partidarik onena egin zuten, eta garaipenaren gola azkeneko jokaldian lortu baldin bazuten ere, ordurako garaipena merezita zuten.Lehen zatian oso ongi aritu arren, hori-berdeek ez zuten gola egiterik lortu. Lehen sailkatuak, berriz, ez zuen aparteko arazorik sortu. Bigarren zatian, Barsacqek aurretik jarri zituen euskaldunak. Bigarren gola egiteko ere aukerak izan zituzten, baina barkatu egin zuten, eta Rodezek partida berdintzea lortu zuen. Neurketa berdinduta amaituko zela zirudien arren, Coutantek bigarren gola egin zuen, eta puntuak Euskal Herrian geratu ziren.
Avironek ere irabazi
Maila bat gora eginda, N1en, Avironek ere behar zuen garaipena lortu zuen atzo Moulinsen zelaian, 1-2, 2.000 ikusleren aurrean. Aurrez aurre zuen taldea ere mailari eusteko borrokan dabil, eta zuri-urdinek atzo lortutako garaipenari esker aurre hartu die. Aldi berean jaitsierako postutik irteteko modua egin dute, eta ez da ahaztu behar baionarrek oraindik bi partida gutxiago dituztela. Vaireillesen bi golek 0-2 aurreratu zituen baionarrak, eta etxekoek azkeneko jokaldian egin zuten gola. Ruffier, pardeilhan, Laporte, Degoul, Talmont, Bidegain, Choplain, Chakir, Louit (Lestage, 88.m), Vaz (Ipharragerre, 65.m) eta Vareilles (Ech Chergui, 75.m) jokalariak aritu ziren atzo Aviron Baionako taldean.
|