«Ezin izan libre/ ezin izan berdin/ ezin izan anai». Frantses iraultzaren, XVIII. mendeko iraultza famatuenaren, leloa urtzen ari da gaurko erregegaien diskurtsoen garrenpean.
Gaur egun, lehendakaritzarako lehian ari direnek kezka handiagoa dute irudi mediatikoa zaintzeko, Estatuko lurraldeetan gertatzen diren protesta oihuei erantzuteko baino.
CPEren proposamena, lege bihurtu dena, eskuin osoaren petoa bihurtu da. Baina petoen aitzinean jarreraz aldatzea ariketa politiko arriskutsua bilaka daiteke hain aspalditik lehendakaritzarako prestatzen ari diren politikarientzat. Karrikaren protestaren aitzinean buruaren makurtzea pentsa ezina zen Villepinentzat. Chiracen laguntza eskatu eta lortu du CPEren defenditzeko, baina ez da bihurgune egokia izan. Ikasleekin hasitako indar harremana ez da gehienetan boterearen alde bihurtu, baina harrokeriak Villepin galdu du. Krisiak gizarteari begien irekitzeko aukera eskaintzen baitio, orain arte onartutako zakarrontzi kontratuak agerian utziz, eta langileen lan kon- tratuen inseguritatea azaleratuz.
Bestalde, UMPren barnean lehia azkarra dugu, Villepinek ez baititu bakarrik lagunak alderdiaren barnean, astean zehar MAMek ere azaltzen zuen diputatu eta senatariekin egin bazkarian,Villepinen ondokoa prestatu behar zuela. Usaian bezala, «gure» ministro famatuak bere gero politikoa gogoan.
Krisialdi honek Frantziako eremu abandonatuak erakusten dizkigu. Ikasleen protestek orain arte ezin ateraz zeuden langileenak plazaratu dituzte, prekaritatea azken hogei urteetan emendatzen ikusi dugun errealitatea baita. Oso baikorki Coluchen “Les Enfoirés” iniziatibaren kantariek dirua biltzen dute bihotzeko ostatuen alde. Ostatu horien ardura hedatu, zabaldu eta handitu baita. Haatik, Estatuak prekariatearen sortzea eta indartzea asumitzen du, kostu politikorik ez baitu. Langileen aurkako politikak aurrera egin du oztopo gutirekin nahiz eta azken hauteskundeak abisua izan eskuineko boterearentzat. Baina ezkerraren politika ildo eskasaren aitzinean ez da beldurtu azken aste hauek aitzin.
Gauzak aldatzen ari dira, ikasleek politikariei muga bat eman baitiete. Ikasleek asko pairatu baitute azken urteetan. Gaur egun ikasle izatea baldintza txarretan ikastea baita, lan ttipiak eginez ikasketen ordaintzeko, lan baldintza gero eta txarragoetan. Elitearen haurren ikas prozesua baita babesten gaur egun, «grandes écoles» delako horien ikasketak babestuz bakarrik. Gizartearen haustura oso handia da, ez dago bakarrik auzo eta hiri erdien artean, gizartearen eremu askotan dago eta horiekiko babesak oso eskasak gelditzen dira sindikatuen sinesgarritasunaren erorketaren ondoren.
Sarkozy, Villepin, borroka bera. Liberté, egalité, fraternité, beste iraultza bat beharko dute. Ikasleek gezurra plazaratu dute, gogoeta ere. -