GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-04-10
Naiara GUTIERREZ
Txakolinak Larrabetzu busti zuen
Txorierriko V. Txakolin Eguna izan zen atzo, Larrabetzun. Edaria dastatzeaz gainera, baserriko produktuak jateko eta erosteko aukera ere egon zen. Aurkezpen ekitaldia bertsoen musikaltasunarekin alaitu zuten, eta ohorezko topa egin ostean, upelgintza erakustaldia ikusteko parada izan zen.

Euskararekin konparatu izan duten edaria da txakolina, «ardo nahi eta ezina» dela esan ohi dute. Ardo izan edo ez izan, atzo Larrabetzura joan ziren pertsonek edaria dastatu ahal izan zuten Txorierriko V. Txakolin Eguna izan baitzen, eta gustura asko dastatu gainera.

Edaria hamar eta erdietan hasi ziren dastatzen Larrabetzuko plazan. Txakolinaz gainera, baserrietako produktuak saltzen zituzten postuak zeuden. Herrira sartu orduko nabari zitekeen taloaren usaina, bai eta salgai zeuden txorizo, txistorra eta odolkiena ere.

Eguraldiak lagundu zuen, tenperatura ona egiten baitzuen eta ehunka pertsona joan zen Txorierriko herri horretaraino. Baserriko produktuen artean, euskal pastela, ogia, jogurtak, barazkiak edota gazta zeuden, eta erosteko ez ezik, horiek dastatzeko aukera ere egon zen atzo plazan bertan.

Baina eguneko protagonista nagusia, dudarik gabe, txakolina izan zen. Hogeita hamar mota baino gehiago dastatzeko aukera izan zuten Larrabetzura joan zirenek; gehienak zuriak ziren baina beltza eta gorria dastatzeko parada ere egon zen. Gainera, botilak bost euroan saltzen zituzten eta batek baino gehiagok etxekoekin edateko eraman zuen. Edaria Txorierriko hainbat herritakoa zen; Bakiokoa, Larrabetzukoa eta Lezamakoa, besteren artean.

Adituek esan zutenez, 2005. urteko uzta oso ona izan da kalitate eta kantitate aldetik. Aurtengo uztan 1,2 milioi botila merkaturatu dituzte. Gainera, Bizkaiko mahats ekoizleen erdiak Txorierrikoak dira. Hortaz, kalitatezkoa da aurten edan ahal izango den txakolina, egoera klimatologikoa oso ona izan baita mahatsa hartzitzeko.

Ordubata baino lehenxeago Eneko Abasolo eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariak igo ziren Larrabetzuko plazaren erdian zegoen agertokira. Uzta berriaren lehenengo botilari kortxoa kendu baino lehen, bertsolariek edariari pare bat bertso eskaini zizkioten. Bizkaiko txakolinaz gozatzeko esan zieten bertan zeuden pertsonei, baina bertsoek eskaintzen duten aldarte onarekin, larregi ez edateko deia egin zuten. Bi bertsoen ostean, hamar bat pertsonak topa ofiziala egin zuten. Lehenengo botilari kortxoa kendu zioten eta «gora Bizkaiko txakolina!» esan ostean, bi bertsolariek hasierako ekitaldiari amaiera eman zioten berriz ere bertsoz. Txakolina gora eta txakolina behera, bertso saio polita egin zuten bertara joan ziren pertsonentzat. Dena kategoriako, beraz, bai edaria eta bai horixe dastatzeko ingurua ere.

Ondoren, jendeak postuetan jarraitu zuen, azokak bi eta erdiak arte irekita jarraitu zuen-eta. Gainera, upelgintza erakustaldia ikusteko aukera izan zuten Larrabetzun egon zirenek. Fortuna Martiartu upeltegiari esker, barrikak nola egiten diren ikusteko aukera egon zen-eta. Horrez gain, nahi zuenak upel bat erosteko parada ere izan zuen hainbat tamainatakoak baitzeuden.

Hortaz, txakolina edan ostean sentitzen den sentsazioaz gain, igande goiz bat pasatzeko plan aproposa izan zen atzokoa. Bertara joan, postuetan zerbait jan eta, nola ez, Bizkaiko txakolina dastatu ahal izan zen-eta.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
El negocio farmacológico de la menopausia se sienta en el banquillo
Jendartea
Txakolinak Larrabetzu busti zuen
Mundua
67% de participación en la primera manga
Mundua
EEUU acoge hoy las mayores marchas pro inmigrantes
Kirolak
La tabla impulsa a Osasuna y lastra al Alavés en el derbi
Kirolak
Un punto que obliga a seguir sufriendo
Kirolak
Sastre sorprendió a Cunego en Zornotza
Kirolak
Peñagarikano fue muy superior a Lasa III y ya está en octavos de final
Euskal Herria
Miles de personas denuncian las graves vulneraciones de derechos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea