Ospatzen diren ala ez diren erreparatzea izaten da urtebetetzeak atseginak diren ala ez antzemateko modurik errazena. Eta iragan asteburuan ikusi (ez) duguna aski argigarria da jabetzeko Bagdad okupatu zuteneko hirugarren urteurrena gogoratzeko irrikarik ez dutela okupatzaile izaten segitzen dutenek. 2003ko apirilaren 9an Bagdad hartu eta Saddam Husseinen estatua botatzeko pantomima hura antzeztu zuteneko hirugarren urtea bete baita. Inork, okupatzaileen aldetik behintzat, gogoratuko ez balu bezala.
Ez da harritzekoa. Okupaziopeko Iraken gertatzen ari direnak ikusita, konponbideak aurkitzeko etsipenarekin, ahanzturaren tentazioak ukitzen gaitu bidegabekerian errugabe sentitzen garenok.. Eta ahanzturaren tentazio horretan babestu nahi dute agian errudun direla ondotxo dakitenek. Horrek, ordea, geure nahikundeari uko egitera behartzen gaitu besteok...
Duela hamar egun ahitu zen hirugarren urteurren hau Irakeko okupatzaileentzat atsegin itxuratzeko azken ahalegin desesperatua: C. Rice eta J. Straw Bagdaden agertu ziren (ezustean, asaldari klandestinoak balira bezala; baina beren larru leunari estimazio handia diote), hauteskundeak egin eta hiru hilabete eta erdira osatu gabe zeuden instituzioak banatu eta martxan ipintzera. Hiruzpalau egun mehatxuak, lausenguak eta era guztietako adierazpen mediatikoak banatzen eman ondoren, bikotea etxera itzuli zen ezertxo ere lortu gabe. Koalizio xiitaren hautagaia, Al Jaafari, baztertzeko presioek ez dute xiiten arteko erdipurdiko kohesioa haustea lortu.
Datorren asteburuan beteko dira lau hilabete abenduko hauteskundeak egin zirenetik. Berez, okupaziopean aldarrikatutako konstituzioa aintzakotzat hartuz gero, bozketa berriak egin beharko lirateke, han aurreikusitako moduan. Baina hori ere ezin dute ontzat eman okupatzaileek. Artean, etengabe jarraitzen dute zibilen aurkako atentatu izugarriak (xiiten aurka nagusiki), eta bahitu, torturatu eta tiroz exekutaturiko gorpuen agerpen masiboak egiten (sunitenak gehienetan). Gauzak horrela, Khalilzad enbaxadore estatubatuarri otu bide zaio deabruarekin tratuak egiteko garaia dela. Eta Irango agintariengana, alajainkoa, zuzendu da Irakeko egoera eta etorkizunari buruz hitz egin eta adostasunak finkatu ahal izateko. Benetan desesperaturik egon behar dute.
Ez da ospakizunetarako animorik hoberena, ez. -