Man Ray, harago begiratzen zuen argazkilaria
·Gironan ireki berri dute haren lan ezagutu gabeak biltzen dituen erakusketa
Gironako Caixaren Fontana d’Or kultur etxeak ireki berri du Man Ray-ren argazki ikusi gabeak eta objektu pertsonalak biltzen dituen erakusketa garrantzitsua. «Man Ray, argiak eta ametsak» da erakusketaren izenburua. New Yorkeko Goldberg/D’Affitto bilduma pribatutik etorri dira erakusketako argazkiak.
GIRONA
Man Ray Filadelfian jaio zen 1890ean eta Parisen hil zen 1976an, eta joan den mende hasierako abangoardia artistikoetan lan egin zuen. Maiatzaren 21ean itxiko duten Gironako erakusketa horrek 20ko eta 30eko hamarkadetan dadaismoaren eta surrealismoaren eraginpean Man Rayk egin zuen lanaren aberastasuna agertzen da. “Man Ray, argiak eta ametsak” erakusketa 82 argazkik osatzen dute. Argazkilariaren pare bat objektu pertsonal ere bada bertan, eta Marcel Duchamp-ekin batean egin nahi izan zuen film estereoskopiko baterako prestatutako fotograma sail bat ere bai, inoiz erakutsi gabeak.Erakusketaren arduradun Pilar Parcerisasek esan zuenez, joan den mende hasieran arteak izan zuen loraldia ikus daiteke argazki horietan. «XX. mendeko abangoardiek erakutsi zuten loraldia suma daiteke erakusketan, eta argazkiak dokumentu soil izatetik artelan izatera iristeko eman zuen jauzia ere bai. Surrealistek, eta horien artean Man Rayk, argazkigintzak artearen munduan arlo autonomo izateko egin zuen ibilbidearen berri ere ematen du erakusketak. Argazkiak balioa lortu zuen urte horietan. Bere begia mekanikoa da, baina errealitatea modu objektibo eta berri batean isla dezakeela frogatu zuten», esan zuen erakusketa arduraduak. Erakusketan diren 82 argazki horiek hainbat arlotan banatu dituzte. Lehen multzoari “Adiskideak, erretratu eta autoerretratuak” deitu diote. Egonezin handiko artista zen Man Ray, eta bide berrien bila abiatu zen oso azkar. Baliabideekin hasi zen esperimentatzen, kamerako lenteen ordez bere betaurrekoak erabiliz, negatiboak manipulatuz edo koloreak erabat aldatuz. Esperimentu horiek nabari dira adiskideei egindako argazki horietan. Bigarren multzoan, Ady Fidelin maitale izan zuen dantzariari egindako biluziak daude. Hirugarren multzoan, Marcel Duchampekin batean egin zituen esperimentu optikoak ikus daitezke; eta laugarren multzoan, berriz, 30eko hamarkadan modari eskainitakoak. Horien artean “Meret Oppenheim arropa transparentez” izenekoa dago.
Ametsen erresumaren bila
GARA
GIRONA Ikusten denaz harago begiratzen duen argazkilaria da Man Ray. Adiskideei egindako erretratuetan argazkian ageri denaren nortasuna islatzen saiatu zen. Guztiek dute halako aura moduko bat. Surrealistek inkontzientearen barruraino iritsi nahi dute, bakoitzak barrenean daraman ametsen erresumara heldu. Erakusketako bigarren argazki multzoan, maitale Ady Fidelini erretratuak biluzik egiten zizkionean ere emakumearen edertasuna islatu nahirik zebilen. Argazki biluzien bidez maitalearengan miresten zuen gaztetasuna, naturaltasuna eta primitibismoa erakutsi nahi izan zituen. Haragi eta hezurrezko Venusak ageri dira argazki horietan. Modari ere lan asko eskaini zizkion Man Rayk, baina “Meret Oppenheim arropa transparentez” argazki famatua egin zuenean ere, argi-itzalekin eta transparentziekin esperimentatuz, grina eroti- koaren funtsa atzeman nahirik zebilen. Bada, azkenik, “Antzinateko artea” izenburuarekin biltzen duen multzo batean ezagutzen ez zuten mundu bat ikertzeko borondatea eta gogoa antzematen da.
|