BARAKALDO
Estatu espainoleko Gazteria Sozialistak asteburuan Barakaldon egin duen kongresuaren itxiera ekitaldian izan zen atzo PSOEko Antolakuntza arloko arduradun Jose Blanco. Bertan adierazi zuenez, Euskadin piztu den bakerako itxaropena indartzeko eta prozesuari mesede egiteko ezin da egun osoan gai horretaz hizketan egon. Blancok PSEko kideei eskerrak eman zizkien. «Estatuaren zentzua izan du. Terroristek gaiztokeriak egin dituztenean ez duzue inoiz zuen askatasuna alboratu», adierazi zuen.
PSOEko agintariaren ustean, ETAren terrorismoa gainditzeko prozesuari bere kabuz haztea utzi behar zaio, bakoitzaren interesen mesederako eta argazkian atera ahal izateko gauza arrarorik egin gabe.
PPrentzat, dena «desegoki»
Alde horretatik, hitz gogorrak izan zituen PPrentzat. Blancoren arabera, MarianoRajoyk zuzentzen duen alderdiko kideentzat gauza guztiak une desegokian jazotzen dira, bai ETAren su-etena, bai Kataluniako Estatutua, bai Rodriguez Zapatero presidenteak egin berri dituen gobernu aldaketak. PPko agintariek Gobernu espainoleko Barne ministro berri Alfredo Perez Rubalcabaren kontra esandakoei erantzun zien atzo Blancok Barakaldon. «PPko nagusiei obskurantismoaz aritzeabaino ez zaie bururatzen. Herri honetan dagoen gauza ilun bakarra Rajoyren, Acebesen eta Zaplanaren etorkizuna da», esan zuen.
PPk «bazterrak nahasteko» duen jarrera «zakar» eta «zaharkituari» aurre egiteko, Blancok alderdi horretako agintariei eskatu zien «erremina eta alderdikeria baztertzeko eta Espainian, espainolengan eta bakean pentsatzeko».
«Honoko hau da etorkizuna izateko modu bakarra», gaineratu zuen PSOEko agintariak.
Beste alde batetik, “El Correo” egunkariak atzo kaleratu zuen elkarrizketa batean, PSEko idazkari nagusi Patxi Lopezek esan zuen datozen hauteskundeetan Batasunak hautagai izateko aukera izan beharko duela. «Hori izango da gauzak modu egokian egiten ari direlako seinalerik onena», nabarmendu zuen.
Dena den, Lopezen arabera, Batasuna hauteskunde horietan presente izatearen ardura berea da, oso erraza baita sistema demokratiko bati egokitzea. Lopezen hitzetan, oso gauza gutxi behar dira:indarkeria errefusatzea eta jarduerarako oinarri demokratikoak izatea.
«Hauteskundeetan ezker abertzalea ordezkatzeko alderdi bat egon beharko litzateke. Eta espero dezagun hala izatea, dena ondo doan seinale izango delako. Beharrezkoa da 100.000 hauteslek erreferente bat izatea», esan zuen Lopezek.
Bide batez, Lopezek begi onez ikusi zuen Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainol izendatu izana, esan zuenez, ETAren su-etenera iritsi ahal izateko jazo den guztiaren gainean guztia dakielako.