Bateratze eta Zumaia, Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldunak
DONOSTIA
Bizkaiko eta Gipuzkoako batel txapelketak atzo jokatu zituzten, eta Bateratzek eta Zumaiak lortu zituzten garaipenak nagusien mailan. Bateratzek pronostiko guztiak bete zituen Sestaon jokatutako proban; eta Zumaiako Aita Marik, ostera, ezusteko handia eman zuen Pasai San Pedron.Bizkaiko Txapelketan, gizonezkoen nagusien mailan, Bateratzek garaipen erosoa lortu zuen, helmugan lau segundoko aldea atera baitzion bigarren sailkatu Arkoteri. Santurtziko Itsasoko Ama, Deustu eta Isuntza sailkatu ziren ondoren. Emakumezkoetan, gazte eta nagusi mailan Portugaletek txapelketa bereganatu zuen, Zierbenari segundo bakar bat aterata. Haur eta kadete nesketan, aldiz, Ondarroak lortu zuen garaipena. Gizonezkoen gazte mailan Arkote nagusitu zen, kadeteetan Mundaka, eta haurretan Santurtzi. Gipuzkoakoan, berriz, Zumaiak garaipen garrantzitsua erdietsi zuen gizonezkoen nagusien mailan. Donostia Arraun Lagunak zen faborito nagusia, baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, ia segundo batera. Hala ere, donostiarren ontziak ez zuen baimendutako pisua eman, eta deskalifikatu zituzten. Dena den, Donostia Arraunek helegitea aurkeztu zuen, eta baskula kalibratzera eraman zuten. Hala, emaitza zehatza jakin arte sari banaketa bertan behera laga zuten. Zarautz, Illunbe, Hondarribia, Hernani, Pasai Donibane Koxtape eta Hibaika ondoren iritsi ziren helmugara. Emakumezkoetan, gazte eta nagusi mailan, Tolosaldea nagusitu zen, Orioren eta Getariaren aurretik. Haur eta kadete mailan, aldiz, Pasai Donibane Koxtape izan zen azkarrena. Gizonezkoetan, Oriok kadete eta gazte mailan lortu zuen garaipena; eta haurretan, ostera, Hondarribiak.
Polemika Deustu-Ingeniaritzan
Eguneko beste hitzordu garrantzitsua Bilbon izan zen. Izan ere, Ingeniaritzak eta Deustuk urtero egin ohi duten estropada atzo jokatu zen. Uretan, Ingeniaritza izan zen azkarrena, baina ondoren epaileek talde hori kanporatzea erabaki zuten, arraunekin Deustuko arraunlarienak jo izanagatik. Hasieran polemika handia izan bazen ere, azkenean giroa ez zen gehiago berotu eta elkarrekin bazkaltzera joan ziren.
|