GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-04-10
- Tolosako aizkora apustua -
Lasak eta Otañok zutikakoetan erabaki dute
·Etzandako enbor guztiak Joxemari Olasagastik aurretik bota zituen

OLASAGASTI 01.02.43
LASA - OTAÑO 59.37

TOLOSA

Jexuxmari Lasak eta Unai Otañok eraman zuten atzo Tolosan jokatu zen apustua. Olasagasti zen faborito; dirua ere alde zuen, baina azkenean bikoak irabazi zuen.

Zezen-plazan batu zen jendea gustura zegoen amaieran; izan ere, oso apustu polita izan baitzen. Azken une arte emozioa izan zen, eta horixe izaten du gustuko jendeak. Olasagastik garbi utzi zuen astean etzandako enborretan apustua apurtu beharra zeukala, zutikakoan bikoa txanda librean arituko zelako, baina helburua ezin izan zuen bete, eta amaieran bikoak ez zuen barkatu.

Igeldokoak bizi-bizi ekin zion lanari, ahalik eta azkarrena aldea atera nahian, eta segituan hartu zuen aurrea. Iragarrita bezala, Lasa izan zen bikoan hasten lehena, eta bere helburua Olasagastiri ahalik eta gehiena eustea zen. Igeldoarra, ordea, aldea ateratzen hasi zen, eta bigarren enborraren amaieran minutu erdiko aldea ateratzen zuen. Lasak bosgarren enborra amaitu zuenean, eta Otañori txanda eman zionean, igeldoarrak minutu eta hogei segundoko aldea zuen. Enbor erdi bat pasatxo. Ordurako artekariak isildu egin ziren.

Otañok, ordea, aldea apur bat murriztu zuen, eta enbor erditik pasatu gabe eutsi zioten igeldoarrari. Hori ahalegintzen zen arren, aldeak bere horretan jarraitzen zuen, minutuaren bueltan.

Saioak aurrera egin ahala, faboritoak ez zuen egiten zeukan baino tarte handiagorik, eta artekariak orduan hasi ziren berriro lanean, jendea gazteen aldeko joera hartzen hasi baitzen. Azkenean, etzandako enborrak mozten amaitu zutenean, Olasagastik minutu eta hamar segundoko aldea zuen.

Zutikakoan, ordea, Otañok eta Lasak txanda librean aritu behar zuten, eta hor alde handiagoa zuten. Lehenengoan eman zioten apustuari buelta, eta Olasagasti konturatu ere konturatu zen apustuak ihes egin ziola. Azkenean, aurretik zirela ikusita, benetan indartsu aritu ziren Lasa eta Otaño, eta amaieran bi minututik gorako aldea lortu zuten.

«Ezin izan dut»

«Ezin izan dut. Zutikako enborretara lasai heltzeko enbor eta erdiko aldea kendu behar nien, baina ezin izan dut. Ahalegindu naiz, baina enborrak ere ezberdin samarrak zeuden, eta ezin nuen ongi kalkulatu. Bestetik, berek sasoi ederra daukate, eta, gainera, etortzen zitzaizkidan», esan zuen Joxemari Olasagastik apustua bukatutakan.

Zutikako enborrean bikoak aurrea hartu zionean, apustua galduta ikusi zuela onartu zuen: «Bai, bai, bi kaskarrenek ere txanda librean susto ederra eman dezakete, eta horiek sasoi ederra daukate; zutik oso ongi moldatzen dira. Etorri aurretik banekien etzandakoetan erabaki beharra neukala, baina ez dut lortu, eta azkenean galdu egin dut», erantsi zuen Olasagastik. Jendearen erantzunarekin gustura zegoen. «Bai, eta, gainera, bi gazte izan dira apustuan nire aurka. Gazte hauek apustu bat egiteko beldurrak airean daude, baina ikusi da apustu serio bat eginez gero jendeak erantzuten duela, eta hori garrantzitsua da», esan eta amaitu zuen.



Jexuxmari Lasa: «Oso zoriontsua naiz»
J.L.

TOLOSA

Jexuxmari Lasa oso gustura zegoen lortutako garaipenarekin. «Nire lehen apustua zen, eta oso zoriontsua naiz», esaten hasi zen hizketan.

«Guk bagenekien alde handia atera beharko zigula etzandakoan. Gu ahalik eta gehiena ahalegindu gara eusten; lortu egin dugu helburua, eta azkenean garaipena lortu dugu», esan zuen Legorretakoak.

«Bolada batean epaiarekin nahastuta ere ibili naiz, eta hor denbora dezente galdu dut, baina gero Unaik ongi errekuperatu du, eta ongi joan da dena. Ez dago gehiago eskatzerik», esan zuen Jexux Mari Lasak apustua amaitutakoan.

Unai Otaño ere ez zegoen haserre lortutakoarekin. «Guk bagenekien etzandakoetan atzetik ibili beharko genuela, baina ahalik eta tarterik txikiena ateratzen utzi behar genion, eta horixe egin dugu», jakinarazi zuen Ibarrako aizkolariak.

Berak bere buruarekin konfiantza oso zuela ere onartu zuen: «Bai, oso ongi prestuta etorri gara biok, eta nik banekien lehenengo bost enborretan egindakoa errepikatuko nuela bigarrengoan, eta horrela izan da». Horri ere apustuak ez doazkio batere gaizki, jokatutako biak irabazi baititu. «Bai, oraingoz ez nago kexatzeko moduan, baina noiz edo noiz galtzea ere egokituko da», esan zuen Unai Otañok.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
El negocio farmacológico de la menopausia se sienta en el banquillo
Jendartea
Txakolinak Larrabetzu busti zuen
Mundua
67% de participación en la primera manga
Mundua
EEUU acoge hoy las mayores marchas pro inmigrantes
Kirolak
La tabla impulsa a Osasuna y lastra al Alavés en el derbi
Kirolak
Un punto que obliga a seguir sufriendo
Kirolak
Sastre sorprendió a Cunego en Zornotza
Kirolak
Peñagarikano fue muy superior a Lasa III y ya está en octavos de final
Euskal Herria
Miles de personas denuncian las graves vulneraciones de derechos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea