Martin ANSO
Sagardozaleak unibertsitatera
«Usurbildarrek daukate sagardoa alkate», baina hemendik aurrera, alkate ez ezik katedradun ere izan lezakete. Izan ere, Sagardo Egunaren zilarrezko ezteiak ospatzeko, egitarau oparoa antolatu dute, unibertsitate-ikastaro bat eta guzti. Gainera, aurtengoa Sagardo Egun Mundiala izango da, beste gauza askoren artean, bertakoaz gain, mundu zabaletik propio ekarritako sagardoak eskaintzeko asmoa dutelako.
Usurbilgo Sagardo Eguna maiatzaren 21ean egingo dute. Beraz, oraindik urrutitxo geratzen da. Baina aurtengoa hogeita bosgarren edizioa izango dela kontuan izanik, urte osoan egiteko moduko programa oparoa prestatu dute sustatzaileek; Sagardo Egunaren Lagunak elkarteko kideek, alegia. Eta horren berri eman zuten atzo Saizar sagardotegian antolatutako ekitaldi dotore batean. Hasier Etxeberriak egin zituen aurkezlearenak, eta, beste zenbait osagairen artean, Arizkungo Jo ala Jo kultur taldeak erakustaldi polita egin zuen kirikoketan, hots, sagarrak zanpatze lanetan oinarritutako txalaparta moduko batean. Bide batez, JoxAnton Artze elkarteko ohorezko kide izendatzeko ere aprobetxatu zuten antolatzaileek. «Guk azaldu nahi dugu sagardoa mundu oso bat dela, eta, aldi berean, sagardoa mundu osokoa dela. Horregatik, maiatzaren 21ekoa Sagardo Egun Mundiala izango da, eta Usurbilgo plazan, bertakoa ez ezik, kanpotik ekarritako hainbat sagardo ere edateko aukera eskainiko dugu», adierazi zuen atzo Jakoba Errekondo Sagardo Egunaren Lagunak elkarteko kideak. Dagoeneko gestioak egiten ari dira sagardoak Txile, Argentina, Brasil, Kanada, Polonia eta beste herrialde askotatik ekartzeko. «Botiletan», nabarmendu zuen Errekondok. Izan ere, ez da kasualitatea Usurbilgo Sagardo Eguna maiatzean egitea, txotx garaia amaitu ondoren, elkarteak botilako sagardoaren kontsumoa bultzatu nahi baitu.
Egitarau zabala Baina, arestian esan bezala, Sagardo Egunaren aitzakian, urte osorako egitarau zabala prestatu dute usurbildarrek. Beharbada ekitaldirik deigarrienetako bat Udako Euskal Unibertsitatearekin batean antolatu duten ikastaroa da, “Sagardoa, txotxetik haratagokoa! Gustu baduzu...” izenburukoa. Uztailean egingo dute, Baionan eta Usurbilen bertan, eta Jakoba Errekondok jakinarazi zuenez, punta-puntako adituek hartuko dute parte.
Sagardoa Unibertsitatera joatea ondo da, baina sagardotegiak ere unibertsitate izan dira euskal kultura tradizionalarekin lotutako hainbat alorretan; esaterako, bertsolaritzan. Horregatik “Sagardotegiak, bertsolarien unibertsitate” izenburuko bertso-afari-hitzaldi sorta ere antolatu dute. Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta Jon Sarasuak konfirmatua dute parte hartuko dutela.Bisita gidatuak Usurbilgo sagasti eta sagardotegietara, dasta didaktikoak Xabier Kamio enologoarekin, sagardoa sukaldean erabiltzeko ikastaroak Edorta Agirrerekin, bertsopaper lehiaketa eta beste hainbat ekimen ere iragarri zuen atzo Errekondok. Informazio zehatzagoa www.sagarbil.com edo sagardoegunausurbil.com-en bitartez lor daiteke. Jakoba Errekondo ez zen izan atzoko ekitaldian hitz egin zuen bakarra. Luis Mari Ormaetxea Usurbilgo alkatea, Rafael Uribarren Landa Garapenerako foru diputatua eta Jose Angel Gaztañaga Gipuzkoako sagardogileen lehendakaria ere mintzatu ziren. Gogorarazi zuten nola orain dela hogeita bost urte, sagardoa krisialdirik larrienean sartuta zegoenean, «gazte ero batzuk» Usurbilen elkartu eta edari hura suspertzeko hainbat ekimen antolatzen hasi ziren. Hura izan zen aurten zilarrezko ezteiak ospatuko dituen Sagardo Egunaren abiapuntua. Sagardo Egunak «arrastoa» utzi duela nabarmendu zuen Luis Mari Ormaetxea alkateak, bai Usurbilen bertan, baita Usurbildik kanpo ere. Izan ere, azken hamarkadotan sagardo egunak beste hainbat herritan ere ugaldu dira, eta horietako askok Usurbilgoa izan dute erreferente. Arrasto hori kulturan ez ezik ekonomian ere nabari dela adierazi zuen Luis Mari Ormaetxeak. «Sagardogintzaren sektorea indartzen lagundu du, profesionalizazioa, kontsumoa eta turismoa sustatu duelako», esan zuen. Jose Angel Gaztañaga Gipuzkoako sagardogileen lehendakariak eskerrak eman zizkien Sagardo Egunaren Lagunak elkartekoei eginiko lan emankorragatik eta bide beretik jarraitzeko eskatu zien. Rafael Uribarren Landa Garapenerako diputatuak, berriz, gero eta sagardo hobea egiteko bidea sagarrak eta sagastiak merezi duten bezala tratatzea dela nabarmendu zuen.
Museoaren erronka Hasier Etxeberria atzo aurkezlearenak egin zituenak txantxa bat eginda hasi zuen bere jarduna: «Garai hartan galdu samar zebilen sagardoaren izen ona berreskuratzeko hasi ziren lanean Sagardo Egunaren Lagunak. Hemendik aurrera, berriz, krisi handia izango dute; izan ere, hogeita bost urte geroago, sagardoak guztiz berreskuratu du izen ona, eta, beraz, haiek ez dute izen ona berreskuratzeko lan gehiago egin beharko».
Etxeberriaren txantxari erantzun nahiko balio bezala, Jakoba Errekondok, bere hitzaldiaren bukaeran, udazkenari begira jardunaldi berezi batzuk antolatzen ari direla jakinarazi zuen. «Jardunaldi horietan sagardoa ondare bezala eta turismo eta garapen ekonomikoaren oinarri bezala aztertu nahi dugu», esan zuen, eta bide horretan Sagardoaren Museoa urrats garrantzitsua izango zela gehitu. «Museoaren ideia aspaldi plazaratu genuen eta proiektua orain dela bost bat urte egina dago gogorarazi zuen. Artzabalen jarriko genuke; XVI. mendeko tolare-baserri batean, alegia». Hori omen da elkartearen hurrengo erronka. «Usurbilen etorkizun ekonomiko eta kultur zerbitzuen aukera ikaragarri zabalduko lukeela uste dugu», adierazi zuen Jakoba Errekondok.Atzoko ekitaldia JoxAnton Artzek biribildu zuen. «Eguzkiak eta iturriak bezala, sagarrondoak duen guztia besteentzat du».Hori da irakurri zuen poemaren hasiera. Ondoren, arizkundarrek berriro jo zuten kirikoketa, inork inoiz «txalapartaren ahizpa zaharra» deitu duena. Eta bukatzeko, Sagardo Egunaren aurkezpenera bertaratu ziren guztiek trago bat sagardo edateko aukera izan zuten. Botilakoa, jakina. -
|