Arazorik ez Bergara eta Tolosako material hautaketetan
DONOSTIA
Buruz Buruko Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta larunbatean eta hurrengo astelehenean Iruñeko Labriten eta Tolosako Beotibarren jokatuko diren neurketa bietarako material hautaketak atzo egin zituzten. Ez zen arazorik izan, eta lau pilotariak gustura geratu ziren saskian topatutakoarekin. Goizean Nafarroako hiriburuan izan zuten hitzordua Ruben Belokik eta Oier Zearrak. Larunbatekoa atzelari bien arteko lehia izango da. Burlatakoak txapelketako bigarren neurketa izango du, astelehenean Koka 22-13 mendean hartu baitzuen. Altzarrak uste baino lan handiagoa eman zion, eta hori gutxi balitz bezala, lehen neurketako urduritasunak eta presioak ere kalte egin zion, baina Zearraren aurka lasaiago irtengo dela uste du. 1995, 1998, 1999 eta 2001 urteetako Buruz Buruko txapeldunak 104,3 eta 104,1 gramoko pilota bana bereizi zuen, biziagoak eta behetik gehiago ibiltzen direnak. Larunbateko aurkariak, Oier Zearrak, txapelketako aurreneko norgehiagoka izango du Labrit pilotalekuan jokatuko duena. Atzelari galdakoztarrak 104 eta 104,4 gramoko pilota bana hautatu zituen, frontisetik irteera dezente handiagoarekin. Batarenak eta bestearenak Punparenak dira. «Presioa berak duela iruditzen zait. Nahiz eta bera behetik datorren, Rubenen lekua gorago dagoela uste dut, baina puntan-puntan ibiltzen den pilotaria da; nik, ordea, baditut nire aukerak, eta ahaleginduko naiz ahal dudan guztia egiten», azaldu zuen Zearrak. Eguneko beste hitzordua Tolosako Beotibarren izan zuten Yves Salaberri Xala-k eta Kepa Peñagarikanok. Horiek ere ez zuten arazo handiegirik izan pilotak bereizteko. Lekuineko aurrelariak larru bueltako pilota bi aukeratu zituen, 103,2 eta 102,9 gramokoak, bote handiagokoak. Beizamako atzelariak, ostera, 104,5 eta 104,1 gramoko pilota bana hautatu zuen, mugitzeko zailagoak. Xalak astelehenekoa izango du estreinako partida, eta ondo iritsiko dela dio.
|