Trikitixa Eguna igandean Markina-Xemeinen
MARKINA-XEMEIN
Markina-Xemeingo trikiti eskolak hogei urte betetzen dituela-eta, hainbat ospakizun antolatu dituzte datozen iganderako herrian. Eskola abian jarri zuten Kepa Junkera eta Iñaki Zabaletak protagonismo berezia izango dute egitarauan, baina ez dira bakarrak izango, Aitziber Canovas eta Olatz Zabala trikiti eskolako irakasle ohiek ere omenaldia jasoko baitute egunean zehar.
Goizeko 11.00etan ekingo diete ekitaldiei, eta ordu horretan zelaian bilduko dira Euskal Herri osotik joandako trikitilariak salda, txorizoa eta edariak dastatzeko. Eguerdiko 13.00etan zelaian jarritako agertokian taldekako saioa iragarri dute antolatzaileek, eta, ondoren, 14.30ean, frontoian, herri bazkaria.
Arratsaldez omenaldia egingo dute frontoian bertan, 16.30ean, eta bertso saioa ere izango da. Erromeriarako zelaira itzuliko dira Tapia eta Leturiak jotako piezen erritmora dantzan aritzeko. Gau partean, berriz, Trikitixa Eguneko egitarauari amaiera emateko, The Solanos taldearen kontzertua izango da Uhagon kulturgunean.
|