Errausketaz herri galdeketa egitearen aurka EAJ, EA eta PP
Ezker Batuak, PSEren babesarekin, errausteko plantaren inguruan herri galdeketa egiteko proposamena jarri zuen mahai gainean atzo Donostiako Udalean izandako udalbatzaren osoko bilkuran. Ez zuen aurrera egin proposamenak, EAJ, EA eta PP aurka agertu zirelako. Baga Boga herri plataformak, berriz, ez zuen iritzia emateko aukerarik izan.
DONOSTIA
Ezker Batuak aurkeztuta, Donostiako Udalak errausteko plantaren inguruan herri galdeketa egiteko proposamena aurkeztu zuten atzo Donostiako udalbatzako osoko bilkuran. Proposamenak ez zuen aurrera egin, EAJ, EA eta PP taldeek aurka bozkatu baitzuten. PSEk zuzentzen duen Udal Gobernua, berriz, alde agertu zen.
Ezker Batua taldeak aurkeztutako proposamenak batzorde ez iraunkor bat sortzea ere aurreikusten zuen, herri galdeketaren aurretik informazio prozesu bat martxan jar zezan. Azkenean, ordea, ez zuen aurrera egin ekimenak.
PPko bozeramaile Maria Jose Usandizaga alkateari zuzendu zitzaion, eta «bere ardurak betetzeko» eskatu zion. Usandizagaren iritziz, politikarien eginbeharra «arazoak konpontzea eta irtenbideak topatzea» da, ez «arazoak herritarrei pasatzea».
EAko zinegotzi Jokin Ezkerrok «demagogikotzat» jo zuen proposamena. Haren esanetan, «ez du ezertan laguntzen», eta ez doa zaborren arazo larria konpontzeko irtenbidearen bidetik. Hartara, EAko lau zinegotzitatik hiruk aurka bozkatu zuten.
Izan ere, EAko zinegotzi Harkaitz Millanek bere taldearen bozka desberdina eman zuen, legealdi honetan hirugarren aldiz gertatzen den moduan. Hartara, EAko Jaione Arratibelek, Mikel Ubillosek eta Jokin Ezkerrok ezezko botoa eman zuten arren, Millan abstenitu egin zen. Haren erabakiaren zergatia azaltzen hasi zenean, bere taldeko gainontzeko zinegotziak altxa eta udalbatza aretotik atera egin ziren.
Azkenik, EAJko Xabier Ezeizabarrenak «irabazi elektoralak lortu nahian herritarrei arazoa betirako izateko zigorra ezartzea» leporatu zion Odon Elorzari. Alkatea «nahasmenaren zeremonia» zuzentzen ari dela gaineratu zuen.
Atzoko osoko bilkurara bertaratu zen San Markosko zabortegiak kaltetutako bizilagunen ordezkari Marisa Santiago. Eskarien eta galderen tartean hitza eskatu zuen, eta «harrituta» zegoela esan zuen, politikoek ez dutelako «alternatibarik» aurkezten, nahiz eta mahai gainean jarritako proposamenen aurka bozkatu.
Baga Bogaren iritzia ez zuten entzun
DONOSTIA Baga Boga herri plataformako Josetxo Ibazetak hitza eskatu zuen udalbatzan iritzia emateko asmoz. Haatik, ez zioten hitza eman. Baga Bogak zera salatu zuen: «Berriro ere plataformaren iritzia emateko eskubidea ukatu egin digute». Udal Gobernuak herri galdetegiaren alde agertutako jarrera «zintzoa ote den» zalantzak dituela ere agertu zuen plataformak: «Izan ere, marketing politiko baten ariketaren aurrean egon gaitezke». «Odon Elorzaren taldea adierazpen instituzionalak egitetik harago, ez da sartzen errausketaren aurkako borrokan», salatu zuen. Bide beretik, PSE alderdiaren barruan errausketaren aldeko ahotsak badaudela nabarmendu zuen Baga Bogak. «Garbi daukagu Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako eta aukera desberdinen eztabaidarako herritarron ahotsa eta irizpideak bermatu behar direla, eta horien ondoan lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dugu», esan zuen. Egungo udalbatzari leporatu zion gizarte eragileek aurkeztu dituzten iradokizunak eta ekarpenak aintzat ez hartzea.
|