- N1
Kostata, baina Aviron atera da jaitsierako postutik
·Lapurtarrek joko handia egin ez arren, pasa den ostiraletik dezente hobetu dute
AVIRON 1
CHATELLERAULT 0
BAIONA
Kostata, sufrituta, baina Aviron atera da, oraingoz, jaitsierako postuetatik, eta atzo aurrez aurre izan zuen Chatellerault taldea amildegiaren atarian utzi du.Avironek ez zuen partida handia egin, asko zuten jokoan, eta presio handiarekin zelairatu ziren. Hala ere, Bolougneren aurkako partidatik dezente hobetu zuten jokoa, nahiz eta oraindik sufritzea tokatuko den. Larunbatean azken sailkatuaren zelaian jokatuko dute, eta han ere hiru puntuak lortzea primeran etorriko litzaieke. Lehen zatia ez zen ona izan, baina horrela ez izatea zaila izango zen, bi taldeek jokoan zutena kontuan hartuta. Biak zeuden jaitsierako postuetan, eta irabazten zuenak hortik irteteko aukera izango zuen; galtzen zuenak jaitsierako postuetan jarraitzen zuen. Hasieratik ikusi zen bi taldeek galtzeko beldur handia zutela, batez ere Avironek. Baloia zelai erdian ibili zen gehienbat, eta bi atezainek ez zuten aparteko lanik izan. Oren erdia pasatxo zenean, Vareillesek gola etor zitekeela iragarri zuen, eta atsedenerako zortzi minutu falta zirenean, Ech Cherguik aurreratu zituen etxekoak, Chakiren erdiratze bat buruz errematatu ostean. Bigarren zatian, kanpotarrak erasora atera ziren, eta Rufierrek bi geldialdi handi egin zituen, baina Vareillesek ere ukan zituen bi aukera garbi asmatu ez zituenak. Gero, jokoa jaitsi egin zen, eta Avironi azken hamar minutuetan sufritzea egokitu zitzaion, Bidegainek txartel gorria ikusi zuenetik aurrera.
|