GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-05-01
Clara ROUGET | Baionako zuzenbide fakultateko ikaslea, Segiko kidea.
«LLK erretiratu badute ere, beste neurri diskriminatzaileek hor segitzen dute»
Inoiz Baionako campusean ezagutu ez den mobilizazioa sortu zen Lehen Lanaldiko Kontratuaren aurka. Esperientzia berria izan da ikasle gehienentzat, baita lizeotan ari direnentzat ere. Legearen hainbat artikulu aldatu ez dituztenez, borrokan jarraitzeko asmo sendoa azaldu du, «beste erritmo batean» izan beharko duela jabetzen bada ere.

Estatu frantsesean bezala, Ipar Euskal Herrian ere mobilizazio ugari eta jendetsuak izan dira Gobernuak ezarri nahi zuen CPE edo Lehen Lanaldiko Kontratuaren aurka. Bi hilabetez, buru belarri aritu da Baionako campusean, gazteak prekaritatean murgilduko lituzkeen neurri diskriminatzailearen aurka borrokan, eta ikasle kideak informatzen eta mobilizarazten.

-Bi hilabeteko protesta eta mobilizazio jendetsuen ostean, badirudi Parisko gobernuak atzera egin duela Lehen Lanaldiko Kontratua-LLK (Contrat Premier Emploi-CPE) indarrean jartzeko asmoan. Atzera egin al du benetan?

Bai, atzera egin du, baina beste alde batetik irabazi ere bai. CNE delakoa (Kontratu berriko kontratua) eta «Aukeren berdintasunaren legea» deritzona ere bere horretan utzi ditu. Soilik 8. artikulu hori kendu du baina beste neurri guztiak hor geratu dira.

-Zeintzuk dira beste neurri horiek?

CNE delakoa, esaterako. LLKren antzekoa da, baina langile guztiei, ez soilik gazteei, eragiten die, 20 langile baino gutxiago dituzten enpresetan. Kontratu mota horrek, gainera, LLK baino baldintza kaxkarragoak ditu. Adibidez, LLK-k formakuntza epe bat aurrez ikusten zuen baina CNErekin, ez da deus horrelakorik. Bi urtetan frogan zaude eta, gero, kaleratua izan zaitezke inolako arrazoirik gabe. Finean, lehen aipaturiko legearen hainbat artikuluk indarrean jarraitzen dute: adibidez, aprendiz erako kontratua hamalau urterekin egin ahal izatea. Hala, adin horrekin lanean has zaitezke, eta lehen hamaseiraino eskolatua izatea nahitaezkoa zen; hamabost urtetik aurrera gaueko lana egiterik izango da, lehen debekatua zenean; gurasoen erantzukizunekiko neurriak ere badaude. Seme-alabek eskolan huts egin edo zerbait oker egiten badute, eskolako zuzendariak, auzapezak edo prefetak eskatuta, Kontseilu Nagusiak familiari ematen dizkion diru-laguntzak urtebetez kentzea erabaki dezake. Zerbitzu zibil boluntario deiturikoa, gazteak armadan sartzea ekarriko duena, eta abar.

-LLKren borroka hau, Ipar Euskal Herriko ikasle askorentzat bederen, esperientzia berria izan da. Baionako campusean ez zen horrelako mugimendurik inoiz ezagutu. Ez zegoen ezta talde antolaturik ere. Nola konpondu zarete mobilizazioak lantzeko?

Lehen mobilizazio jendetsua Segi, Lab-Gazteak, IAk eta AC-k antolatu zuten. Gero ikusi genuen sindikatu frantsesek mugimendua kontrolatzea nahi zutela. Haiek dioten moduan, euskaldunok ari ginelako mugimendua eragiten. Orduan siglak alde batera utzi eta batzar moduan funtzionatzea erabaki genuen. Batzarrak egin ziren campusean zein lizeotan, ordezkariak hautatu ziren eta erabakitakoaren arabera aritu gara beste ikastetxetako batzarrekin harremanetan jarrita.

-Lizeotako ikasleak unibertsitatekoak baino gazteago dira. Zailago izan al da haiekin lan egitea? Nola koordinatu zarete?

Ez, alderantziz. Fakultatekoekin baino errazagoa izan da. Lizeoko ikasleak gehiago mugitu dira neurria batez ere haiei zuzendua zela argiago ikusten zutelako. Esate baterako, Biarrizko ostalaritzako lizeoa aitzindari izan da, seguru asko, hango irakasle batzuk ere asko inplikatu direlako borroka honetan.

-Hain zuzen ere, zer nolako jarrera izan dute irakasleek?

Batzuk mugitu dira. Campusean ez hainbeste, baina protesta- mugimenduaren alde azaldu dira eta, aldeko jarrera argirik hartu ez dutenek, behintzat, ez dute oztoporik jarri.

-Paueko unibertsitatean eta Baionakoan Confédération Etudiante sortu da. Baduzue harremanik haiekin?

Egiaz, langile sindikatu frantses batzuen bultzadaz izan zen. Batzarrak bere kabuz funtzionatzea ez zuten onartzen eta Bordeleko ikasle sindikatu eta taldetako ordezkari batzuk bidali zituzten bertako ikasleekin harremanetan sartzen saiatzeko. Bakan batekin lortu zuten eta prentsan agertu zen Confédération Etudiante sortu zela baina, geroztik, ez du deus egin, ez deialdirik, ez talderik osatu, ezer. Artifiziala da.

-Beraz, ez dago inolako ikasle-talde antolaturik campusean?

Bai, Ikasle Abertzaleak-ek taldea sortu du. LLKren aferaren aitzinetik jada ikasle batzuk lanean ari ziren Boloniako prozesua jorratzen, informazioa zabaltzen, hainbat kontaktu egiten, jaialdiak antolatzen edota manifestaziotara deialdiak egiten. Orain, borroka honen inguruko lanarekin taldea formalki sortu da.

-Langileen sindikatuekin izan duzuen harremana hain txarra izan al da ?

Ipar Euskal Herrian LLKren kontrako mobilizazioak estatuan baino beranduago hasi ziren. Lehen mobilizazio garrantzitsua guk antolatu genuen martxoan eta, nahiz eta gero, siglak alde batera utzi genituen gutako batzuk erreferente bilakatu izana ez dute batere gustuko izan. Lehen mobilizazioan nabarmena izan zen kontrola hartzea nahi zutela; adibidez batzarrak campusean ordez haiek alokatutako areto batean egitea nahi zuten, eta guk ezetz esan genuen, gure gune naturalena campusa bera zela uste genuelako. Gerora sindikatu frantsesekin izandako bileretan ere gauzak ez dira oso ondo atera, manipulatzaileak ginela leporatu ziguten, Frantzian ginela eta euskara zergatik erabiltzen genuen zioten, mobilizazioa ez zela euskararen aldekoa eta antzekoak. Sindikatu batzuetako ordezkarien esanak oso gogorrak izan ziren, baina bilkuran bertan zeuden besteak isilik geratu ziren. Gerora bakarren batek (CFDT) deitu gintuen argitzeko haiek ez daudela euskararen aurka, baina han ez zuten deus esan.

-Eta geroztik gauzak ez dira konpondu ?

Ez. Haien esanetan ez dugu legitimitaterik. Batzarrak demokratikoki hautatu baldin bagaitu ere, ez omen dugu inolako legitimitaterik.

-Beste neurri diskriminatzaileak indarrean zeuden LLK baino lehenago. Alta, ikasle eta gazteak ez ziren horrenbeste inplikatu. Zergatik eman dute hainbeste denbora mugitzeko?

Hemen ez bazen horrela gertatu ere, estatuan, oro har, ikasleak izan ziren LLKren aferan lehenik mugitu zirenak, eta gero sindikatuak atxiki zitzaizkien, ezin baitzuten tamaina horretako mugimendutik at geratu. Gainera, ikasleen aldarrikapena ez zen bakarrik LLK erretiratzea, CNE eta legea bera ere bai. Baina gobernua eta sindikatuak lehenengoan finkatu ziren batik bat, eta gazteok ez genuen lortu borroka eskakizun guztietara orokortzea.

-LLKren ordez beste artikulu bat izapidetzen ari dira «gazteak lan-munduan aktiboki sartzeko». Aztertu al duzue artikulu berri hori?

Funtsean, 26 urtetik beherakoak kontratatzen dituzten ugazabak kotizatzetik salbuestean edo haiei diru-laguntzak ematean datza neurria. Egiaz, gobernuak LLKrekin izan duen porrota estaltzeko zerbait da.

-Eta orain zer?

Begi bistakoa da mobilizazio hauek izan duten indar berarekin ezin izango dugula borrokatzen jarraitu. Gobernuak LLK erretiratzea deliberatu zuenean jada, jendearen parte hartzea jaitsi egin zen baina, beste erritmo eta era batean, aurrera egiteko asmoa dugu. Informazioa hedatzen segituko dugu eta ekimen deigarriak egingo ditugu lehen aipatu ditugun beste alorretan borrokatzeko, ikuspegi luzeagoan kokatuta.  

-Protestaldiak luze jo dutela-eta, unibertsitate eta lizeo batzuetan azterketak atzeratzea pentsatzen ari dira. Baionan atzeratuko al dira?

Ez. Blokeatutako ikastetxe gutxi izan dira eta gehienez astebetez egon da itxia. Fakultatean, klase batzuk galdu dira baina ez da inoiz itxia egon. Beraz, azterketak aurrez ikusitako epeetan egingo dira. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Garońa es ahora la única central de primera generación
Euskal Herria
«Si los partidos pueden contribuir a la paz, incluso participando en discusiones, deben hacerlo»
Ekonomia
El Primero de Mayo centrará la atención de los sindicatos en el día de hoy
Kirolak
Los penaltis decidieron en contra de Osasuna
Kirolak
El Alavés cae en Valencia y se aferra a las matemáticas
Kirolak
La Real no puede con la velocidad del Sevilla y acaba con nueve
Kirolak
El CSKA de Moscú consuma al fin su venganza y se lleva la Euroliga
Kirolak
El Baskonia saca el orgullo y acaba tercero
Kirolak
El potencial manchego volvió a humillar a un derrotado Portland
Euskal Herria
Otegi: «Este pueblo va a decidir su futuro libre y democráticamente»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea