GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-01
Fito RODRIGUEZ | Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria
«Krisia, funtsean, egoera berrietara egokitzeko beharraren ondorio da»
Joan zen larunbatean Euskal Idazleen Elkarteak Gasteizen egin zuen batzar nagusiaz geroztik, Fito Rodriguez da lehendakari berria, azken lau urteotan kargu horretan jardun duen Tere Irastorzaren ordez. Ur handiak izan dira azkenaldion elkartean. Hemendik aurrera, berriz, ur horiek ohiko arrastora itzuliko direla espero du Rodriguezek.

Elkarteko zuzendaritza taldea guztiz ez, baina nabarmen berritu zuen Euskal Idazleen Elkarteak joan zen larunbateko batzar nagusian. Baina berrikuntzarik adierazgarriena lehendakariarena berarena da, ezbairik gabe.

­Udako Euskal Unibertsitateko eta Eusko Ikaskuntza eta antzeko beste erakunde batzuetako kide zara. Euskal PEN Klubeko sortzaile eta zuzendaritza taldekoa ere bazara. Beraz, hemendik aurrera EIEn egin beharko duzun kudeaketa mota ez da zuretzat guztiz gauza berria izango. Hala ere, nola animatu zinen lehendakari kargua onartzera?

Azken mementoko gauza izan zen, ustekabe bat, hein handi batean. Nik Arantxa Urretabizkaiari esan nion, haren kurrikuluma eta erreferentzialtasuna kontuan izanik, lehendakaritza zegokiola. Hark, ordea, laguntzeko prest zegoela erantzun zuen, eta, hain justu, zuzendaritza taldean sartu da, baina ez zuen lehendakaritza onartu nahi izan.

­Askotan gauza gehiegi jakintzat emateko joera izaten dugu. Zu, hainbatentzat, oso ezaguna zara; baina ezagutzen ez zaituenik ere egongo da. Emaiguzu zure berri, mesedez, labur-labur bada ere.

Gasteizen jaio nintzen, 1955ean. Madrilen, Zaragozan, Parisen eta beste hainbat lekutan Filosofia eta Pedagogia ikasi ditut. 1981. urteaz geroztik Hezkuntzaren Teoriako irakaslea naiz UPV/EHUn.

­Noiz euskaltzaletu zinen? Izan ere, zuk ez zenuen euskara etxekoekin ikasi.

Ez, ez nuen etxekoekin ikasi. 1976an hasi nintzen euskara ikasten, Carabanchelgo kartzelan nengoela, Espainiako Gobernuak han egoteko eman zidan «beka»ri esker.

­Hezkuntza, filosofia, bertsolaritza... alor askotako idazlea zara. Azkenaldion, berriz, seguru asko literatura da gehien landu duzun alorra, eta oraintsu ere horretan ari zara, izan ere, iaz Joseba Jaka Beka irabazi baitzenuen. Idatzi dituzun liburu guztietatik aipatu hiruzpalau, mesedez, adierazgarrienak-edo izan daitezkeenak.

Historia metatze prozesu bat omen da; beraz, gehienbat azkenak aipatuko ditut, neurri handi batean aurretik egindakoen emaitza direlako. Azken-azkenak dira “Kant, moderniaren maisua” (Jakin) eta “Saiakeran saiatzeko gida” (EIE). Literaturari dagokionez, berriz, “Magrittek ez omen zuen pipatzen” (Txalaparta) nabarmenduko nuke. Eta, bukatzeko, Lizarra-Garazi garaian argitaratu nuen “Burujabetza XXI. mendean” (UEU) aipatuko dut. Jorratu ditudan alor politiko, estetiko, pedagogiko eta filosofikoa liburu horietan laburbiltzen direla uste dut.

­Itzul gaitezen EIEra. Elkartea krisian dagoela iritsi zara lehendakaritzara. Antza denez, krisi gorria da, gainera. Izan ere, zuzendariak kargua utzi egin zuen; bazkide batzuek alde egin zuten, eta Tere Irastorza orain arteko lehendakariak epelak entzun behar izan ditu. Hainbesterako al da?

Bai eta ez. Bai, aipatu dituzun gauza horiek guztiak larriak direlako, eta ez, egoera definitzeko erabili diren hainbat kontzeptu, «gerra zibila» kasu, gehiegizkoak direlako. Nik antzeko krisiak ezagutu ditut beste hainbat elkartetan, eta uste dut, funtsean, egoera berrietara egokitu beharraren ondorio direla. Azken urteotan asko hazi da EIE. Egun, 300 bat bazkide ditu, eta urteko aurrekontua, batez beste, 600.000 eurokoa da. Bestalde, egoera, oro har, ez da inondik inora sortu zeneko berdina, gizartea aldatu delako. Horiek hala, elkarteak bere burua kualitatiboki berriz definitu beharra zuen, eta berriz definitzeko prozesuan lehenengo aldiz egon da foro ireki batean eztabaidatzeko aukera, moderatzailerik gabe, gainera. Eta, jakina, EIEn idazle jendea biltzen denez, foro horretan erabili dira ironia, sarkasmoa, pleonasmoa, sinekdokea, metafora... denetik. Alde horretatik, oso eztabaida literarioa izan da, eta ez dut zentzu peioratiboan esaten, alderantziz baizik, nire ustez, behar-beharrezkoa zelako. Eztabaidatu behar denean, benetan eztabaidatu egin behar dela uste dut, eta bakoitzak dituen tresnak erabiltzen ditu.

­Eztabaida bere gordinean zegoela, Tere Irastorzaren alde egin zenuen.

Irastorzaren alde egin baino gehiago, eztabaidan mintzaira berezitu bat erabili behar genuela gogorazi nuen nik, mintzaira filosofiko eta legala ez baitira berdinak. Gauza bat da literaturzaleak izatea, eta beste gauza bat, zeharo desberdina, araudiaz edo kudeaketaz ari garenean ere, hainbat pertsonen eta gertakizunen iritziak botatzen jarraitzea. Araudiaz ari baldin baginen, proposamenak egin behar ziren, zehatzak.

­Merezi izan du?

Merezi? Eztabaida ezinbestekoa zela esango nuke nik. Orain egin behar duguna da onartutako araudia aplikatzen eta funtzionatzen hastea. Hasi gara. Izan ere, ni batzar nagusiak izendatutako lehendakaria naiz, araudi berriak aurreikusten duen bezala, eta ez, lehen egiten zen bezala, zuzendaritza taldekoen artean aukeratutakoa.

­Araudi berriak aukera ematen dio lehendakariari liberatzeko eta lehendakari ez ezik, zuzendari gisa ere aritzeko.

Aukera ematen du, bai, baina ni ez naiz aukera horretaz baliatuko. Nire lanarekin jarraituko dut eta, batzar nagusiak eman zidan konfiantzarekin, saiatuko naiz kudeaketa modu kolegiatuan egiten.

­Elkarteak Plan Estrategiko bat du. Beraz, lan lerro nagusiak markatuta daude.

Bai, eta lan lerro horiek modu kolegiatuan garatzen saiatuko gara. Gure helburua ez da plantilla edo azpiegitura handiak sortzea, alderantziz baizik. Horrela, bitarteko gehienak beka eta proiektu zehatzetara bideratuko ditugu. Proiektuen artean bada nik bereziki gogoko dudan bat, Xerka izenburukoa. Horren bidez, euskal idazleen egile eskubide guztiak bildu eta euskal idazleei bueltatu nahi dizkiegu, EIEko bazkide izan ala ez. Eta hor ñabardura bat egin nahi dut: euskararen historian funtsezkoa izan da batuaren bidea, baina hori kontuan izanda ere, badira batuaren bidetik ibili ez diren hainbat idazle. Horiek ere euskal idazleak dira, egile eskubideak dagozkie, eta jaso egin behar dituzte, EIEko bazkide izan ala ez. Berdin da 12, 30 edo 300 euro diren, bakoitzari berea.

­Zein dira EIEk etorkizunari begira dituen erronkak?

Funtsean, hirutan sailka daitezke: idazle gisa ditugun erronkak, euskal idazle gisa ditugunak eta «mundu honetan» euskal idazle gisa ditugunak. Alor bakoitzean, berriz, erronkak biderkatzen dira, errizoma baten moduan.

­Bada, banaka joan gaitezen. Zein dira EIEk idazle elkarte gisa dituen erronkak?

Idazle moduan, ez dugu begi-bistatik galdu behar gurea elkarte profesionala dela, sindikatu bat, nolabait esateko. Liburugintzaren kateak hainbat begi ditu (argitaratzailea, inprimatzailea, banatzailea...) eta horietatik azkena beti idazlea da. Bada, ez, guretzat lehena da. Horregatik, indarrean dauden egile eskubideen alde egingo dugu, betiere egile eskubide horiek ahalik eta zentzurik zabalenean hartuta. Bestalde, gizartea aldatu den neurrian, jabego intelektuala berriz definitu behar dela uste dugu, eta horretan ere badugu zeresanik.

­Idazle ez ezik euskal idazle ere bazarete.

Bai, eta euskal idazle izatetik eratortzen dira bigarren multzoko erronkak. Lehenik eta behin, elkarteak deszentralizazioaren aldeko apustu garbia egin du. Orain dela gutxi arte den-dena, edo gehiena, behintzat, Gipuzkoan zentratuta baldin bazegoen, azkenaldion komunikazioarekin zerikusirik duen guztia Bilboko egoitzatik bideratzen ari gara. Halaber, bulego berria ireki dugu, eta zuzendaritza talde berrian Isabel Millet eta Joxemiel Bidador nafarrak sartu dira. Ipar Euskal Herriko idazleei zerbitzu emateko modua ere berandu baino lehen aurkitu behar dugu. Eta diasporakoak ere ezin ditugu ahaztu. Bestalde, guk hizkuntza gutxituan baina besteak baino gutxiago ez den hizkuntzan idazten dugu. Ondoan, baina, hizkuntza glotofagoak izan ditugu, eta asko da berreskuratu beharrekoa. Langintza horretan elkarteak ere badu zereginik eta zeresanik.

­«Mundu honetan euskal idazleak» biltzetik zein dira EIEri etorkizunari begira planteatzen zaizkion erronkak?

Erronka sozial eta politikoak dira. Idazten dugunean, adierazpen askatasuna funtsezkoa da. Hizkuntzen arteko asimetriarik onartzen ez dugun bezala, ideiak plazaratzeko orduan ere ez genuke onartu behar. Egunkariak ixten dituztenean, aldizkariak debekatzen dituztenean, elkarte profesional batek badu zeresanik eta zereginik. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Garoña es ahora la única central de primera generación
Euskal Herria
«Si los partidos pueden contribuir a la paz, incluso participando en discusiones, deben hacerlo»
Ekonomia
El Primero de Mayo centrará la atención de los sindicatos en el día de hoy
Kirolak
Los penaltis decidieron en contra de Osasuna
Kirolak
El Alavés cae en Valencia y se aferra a las matemáticas
Kirolak
La Real no puede con la velocidad del Sevilla y acaba con nueve
Kirolak
El CSKA de Moscú consuma al fin su venganza y se lleva la Euroliga
Kirolak
El Baskonia saca el orgullo y acaba tercero
Kirolak
El potencial manchego volvió a humillar a un derrotado Portland
Euskal Herria
Otegi: «Este pueblo va a decidir su futuro libre y democráticamente»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea