Darfurreko bakerako ituna sinatzeko prest dago Jartum
Afrikako Batasunak Darfur eskualdeko gatazka konpontzeko egindako proposamena sinatzeko prest dagoela esan zuen atzo Sudango Gobernuak. Matxinoen iritziz, planak ez ditu euren eskaera nagusiak kontuan hartzen, eta, horregatik, denbora eskatu dute aztertzeko. Milizien desarmean eta eskualdeko petrolio putzuen etekinen banaketan dago arazoa.
LAGOS
Sudango Gobernua prest agertu zen atzo Darfur eskualdeko gatazkan Afrikako Batasunaren bake proposamena sinatzeko. Darfurreko matxinoen aldeak, ostera, kexu dira bake hitzarmenak haien eskaera nagusiak ez dituelako jasotzen, eta, horregatik, hura aztertzeko denbora gehiago eskatu zuten.
Darfurreko gatazka 2003an piztu zen. Eskualderako autonomia eskatzen duten matxino taldeen eta Jartumek babestutako yanyauid milizia arabiarren arteko borrokak sarraski itzelak eragin ditu populazioan. 200.000 hildakoak ez ezik, milioi bi pertsonak, indarkeriatik ihesean, euren herriak utzi behar izan dituzte. Errefuxiatu-guneetako egoera hain da larria, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) munduko giza krisialdirik handiena izendatu zuela iaz.
Afrikako Batasunaren planak yanyauid milizien desarmea eta matxinoak Armadan integratzea proposatzen ditu. Horren aurretik, baina, matxinoek armak eman beharko lituzkete, eta horrekin ez daude ados. Halaber, eskualdeko Gobernua Jartumekin partekatzea ezartzen du bake planak, baina matxinoek gehiago nahi dute. Darfurrek petrolio putzuak dituen arren, populazioa oso pobrea da. Hori dela-eta, aberastasuna hobeto banatzea nahi dute matxinoek.
Afrikako Batasunak 7.000 soldadu dauzka Darfurren milizien arteko borrokak geldiarazteko misioarekin. Hala ere, NBEak jakinarazi zuenez, indarkeria, murriztu beharrean, geroz eta bortitzagoa da. Hilabetero 400 lagun bortxaz hiltzen direla ohartarazi zuten Nazio Batuek.
|