Orioko Munto eremuaren gaineko informazioa eskatu du Ezker Abertzaleak
GASTEIZ
Ezker Abertzalea Legebiltzarreko taldeak Orioko Munto eremuan egindako «Hirigintza jokabide ilegalaren» inguruan informazio eskaera egin dio Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari. Taldeak gogorarazi duenez, iazko maiatzean Munto eremuan futbol zelai bat eta lur azpiko aparkalekuak egin ahal izateko baimen eskaera egin zuen Oriko Udalak. «Baina baimena izan aurretik obrei hasiera eman zitzaien», esan dute.Ezker Abertzaleak esan duenez, arrazoi horregatik lanak geldiarazteko agindua eman zitzaion. «Baina Mirari Arruabarrenaren orduan Orioko alkatea zen, eta egun Lakuako Garraio eta Errepide zuzendaria da, eta haren kargua hartu zuen Orioko Udalean Ramón Etxeberriak aginduz, lanek jarraitu egin zuten». Legebiltzarreko taldeak nabarmendu duenez, eremu horretan bi arazo dira. «Alde batetik, obra hauei hasiera eman zitzaien eremuaren kalifikazioa aldatu gabe zegoen. Eremu hau nekazaritzako eremu babestu gisa arautua zegoen. Bestetik, legearen arabera, ibaiaren ondotik, gutxienez 25 metroko eremua errespetatu behar da edozein urbanizatze egiteko. Honek ez du arau hori errespetatu», azaldu dute. Arrazoi horiek direla medio, eta lanak aurrera egin zutenez, Orioko Udalari espedientea ireki zitzaion, eta 1.292.068 euroko isuna ezarri. Gainera, taldeak esan duenez, gelditzeko aginduari muzin eginez gero, bide penaletik jotzea posible da.
«Kostaldea babestu»
Ezker Abertzalea Legebiltzarreko taldeak «kezka» agertu du «Mirari Arruabarrena eta Orioko Udalen arduradun guztiak izan duten jarrerarekin». Haren esanetan, ez dute araudia errespetatu, eta inpunitatean oinarritzen den kudeaketa eredua sortu dute. «Datu guztien arabera, hirigintzako beste iruzur handibaten aurrean gaude», salatu du taldeak.«Ezin da jarri Euskal Herriko kostaldea, Orioko kostaldea, interes ekonomiko batzuen mesedetan, eta gure esku daukagun guztia egingo dugu iruzur hau bertan behera uzteko», azaldu du.
|