Inoiz baino jendetsuagoa izan zen atzoko Nafarroaren Eguna. Nafartarrak gehienak baziren ere, Euskal Herri osotik hitzordua hartua zuten Baigorrin egun eguzkitsu eta atsegina igarotzeko. Eta EuskalHerritarren bi xede horiek kontuan harturik, sekulan ez zen horrenbeste lagun ikusi Nafarroa Behereko herrixka horretan. Milaka eta milaka ziren han elkartuak, eta, bertako herritar batek esan zuen: «Urtez urte etengabe gora egiten du jende kopuruak, eta horrela segitzen badu, laster txiki geratuko zaizkigu Baigorriko karrikak».Goizeko ekitaldirako zailtasunak izan zituzten; izan ere, batzuk dantza ikusgarria edo poteńoa baldintza onetan ikusi eta edateko. Elizaren ondoan kokatua dagoen frontoian eguerdiak aldera hasi zituzten ekitaldiak. Tradizioari eutsiz, dantzari, musikari eta zigante desfileak zabaldu zuen eguna goizeko hamarrak aldera. Plaza nagusitik eliza arte, gaita, txistu eta Nafarroako bazterretako beste doinu ugari entzun zen dantzarien kolore eta urratsak alaiturik. Elizara iritsi bezain laster, gaitaren doinuak nagusitzen ziren bitartean, herriko frontoian elkartu ziren guztiak.
Bertsolariak, ziganteak edo Otsagiko dantzarien erritmoak ikusi ziren besteak beste, eta goizeko ekitaldi nagusia, urtero bezala, mutxiko eta Larrain dantzarekin burutu zen. Baina dantzan jardun zutenek inoiz baino zailtasun handiagoak izan zituzten murritz geratu zen elizako plaza horretan dantza urratsak egiteko.
Halere, zailtasun guztien gainetik, aurrera joan zen eguna. Bertako herritar zenbaitek ezinegona adierazi nahi izan bazuten ere, uros azaldu ziren Nafarroaren Egun aldarrikatzaile horretarako horrenbeste jende ikusirik. «Garai batean beti berdinak ginen hurbiltzen. Gaizki ikusia zen besta hau, eta lekuko jende askok Nafarroaren Eguna zelarik etxeko leihoak ixten zituzten», esan zuen Baigorriarrak.
Garai horretan Nafarroaren Egunari muzin egiten zioten horien haurrak dituzte Baigorriko kaleak betetzen, hain zuzen ere, EuskalHerriko bazter guztietatik hurbilduriko beste milaka pertsonekin nahasian.
Horrela, goizeko ekitaldia jendetsua izan bazen, txiki geratu zen arratsaldean izandako jende uholdearekin konparatuta. Ekitaldi nagusiak herriko plaza nagusi handian zeudelarik, askok alde batetik bestera joateko arazoak izan zituzten. «Zerk egin du horrebeste jende hurbiltzea?»: eguzki eder pean bakoitzak bere teoria zeukan atzo. «Bihar (gaur) maiatzaren lehena da. Askok aukera baliatu dute bazterrotan asteburua igarotzeko», «Eguraldi eder honekin denek Baigorrira etortzea erabaki dute», eta azken batzuek jende ugari hori urtez urte Nafarroaren Egunak jasotzen duen arrakastaren emendatzeari lotu zioten.
«Anitza eta euskalduna»
Arrazoiak, beraz, atzo bertan zegoen jende mota bezala, askotarikoak ziren. Eta, batzuk humorez zioten bezala: «Gauzek horrela jarraitzen badute, herriko karrikak zabaldu beharko ditugu!». Halere Nafarroa eta nafartarren besta lasaitasun eta giro alaian igaro zen atzo. Goizeko ekitaldi nagusien ondorioz, herri bazkarian egoteko txartela ukateko aukera izan zuten 1200 bat lagunetatik kanpo, beste guztiek lekuko pentze, erreka bazter eta parkeak bete zituzten ogitarteko edo etxetik ekarritako beste elikagaiekin. Baina, besta eta famili girotik at, Nafarroaren Eguna aldarrikapen eguna izaten da, eta, ildo horri jarraituz, Basaizeak urteroko hitzaldia zabaldu zuen eliza inguruko plazan goizean. Aurtengo hitza bateratzailea izatea nahi izan zuten elkarteko kideek.
Leire Bidart Basaizeako lehendakaria mintzatu zelarik, ezberdintasunen gainetik EuskalHerriaren «alde ari diren guztien elkartze» gunea zela adierazi zuen, eta aurtengo Nafarroaren Egunak «anitza eta euskalduna» izan behar zuela gehitu. -