Mahaian ez dela egongo ziurtatzeko exijitu dio Del Burgok Zapaterori
MADRIL
Chiviteren adierazpenak ezagutu aurretik, Europa Press agentziari emandako beste elkarrizketa batean dagoeneko Zapate- rori eskaera zuzena egin zion UPNko diputatu Jaime Ignacio del Burgok, hain zuzen, alderdien arteko elkarrizketa mahai batean ere ez esertzeko konpromisoa ager dezala.«PSOEko idazkari nagusia den heinean, horretarako konpromiso solemnea egin behar du Zapaterok», adierazi zuen Del Burgok. «Espainiako gizarteari, eta bereziki Nafarroakoari, hemengo gobernura iritsiko balira ere alderdien arteko mahai horretan ez zirela eseriko esan behar dio. Horixe da nafarrak lasaitzeko era bakarra», argudiatu zuen. Testuinguru horretan, Zapateroren Exekutiboaz ez dela fidatzen onartu zuen UPNko diputatuak, eta horretarako arra- zoiak ere eman zituen. «Hasiera batean, ETAren ekintza armatuen etenaldia baino lehen inongo elkarrizketarik ez zela izan ziurtatu zuten, baina, gero, Batasunarekin, eta, zehazki, Arnaldo Otegirekin hitz egin zutela jakin zen», kritikatu zuen. Gainera, elkarrizketa horietan Nafarroaz berba egin zela ziurtatu zuen Del Burgok. Gobernu espainolaren izenean Batasunarekin zer konpromiso maila hitzartu zuen PSEk jakiteko dagoela nabarmendu zuen. «Argi dago su eten iraunkorra ez dela egin ETAko presoak kalera atera daitezen, zeren gai hori ez dute ezta ikutu ere egin, egintzat ematen baitute. Buru-belarri ari diren gaia, ordea, ikuspuntu politikoena da», gaineratu zuen. Horren haritik, Miguel Sanzen Exekutiboak eta UPNk berak PSOEko Gobernuaren aldetik jasan duen tratua ere gaitzetsi zuen Del Burgok, eta UPNrekin bildu ez delako harridura erakutsi zuen. «Parlamentu espainoleko taldeekin bilerak egin arren, gurekin ez da egon», esan zuen. Hala ere, Zapaterok onartu zuen PPrekin elkartu dela. EAJko agintariak Zapaterorekin «sarritan bildu izana» ere txarto ikusi zuen UPNko diputatuak. «Konstituzionalismo espainolera bihurtu direla ematen du», adierazi zuen. Arnaldo Otegi «goraipatu» izana ere leporatu zion Zapatero presidenteari.
|