SORHUET - ETXETO 40
ETXEBERRI
- KURUTXARI 39
DONAPALEU
Sorhuetek eta Etxetok lortu zuten atzo Amkikuzeko Torneoko finala jokatzeko txartela. Eta hori datorren igandean izango da, eta Ibarrola-Ezkurra II. izango dituzte aurrez aurre. Partida hori 17.00etatik aurrera jokatuko da.Norgehiagoka honetan aldaketa bat izan zen, Muskarditz baitzen izatekoa Kurutxariren aurrelaria, baina garaztarra eskuetako minarekin dagoenez, Etxeberrik ordezkatu zuen, eta egia esan, aldaketa ez zen gehiegi nabaritu, Etxeberrik partida handia egin baitzuen.
Nahiz eta dirua aurka izan, Etxeberrik eta Kurutxarik ia partida guztian markagailua alde izan zuten, lehenengo kintzetik hasita, baina azkeneko bostak luze egin zitzaizkien. 35-35 izan zen estreinako berdinketa, eta hurrengo lau tantoetan ere hiru aldiz egon ziren parez pare, baina azkeneko jokaldian Thierry Etxetok pilota sarera bidali zuen. Nahiz eta Andde Kurutxari saiatu zen pilotari airez erantzuten, ezinezko izan zuen, eta azkenean faboritoek lortu zuten finalerako txartela.
Gainerantzean, neurketak ez zuen inongo aitzakiarik izan. Bi bikoek partida oso ona egin zuten, eta emozioa ere latza izan zen; azkeneko kintzera bitarte ez zen ezer erabaki. Amaieran lau pilotariek jaso zituzten txaloak ongi merezitakoak izan ziren.